Igande honetan Aresoko bosgarren mendi itzulia eginen da

Ttipi-Ttapa 2012ko abuztuaren 31

Aresoko mendi martxan, mendizaleak janari-edari postuan.

23 kilometro eta 1.250 metroko desnibela duen ibilbidea egiteko aukera izanen dute mendizaleek

Dagoeneko itxita dago aldez aurretik izena emateko epea, eta beraz, Aresoko mendi itzulia egin nahi duenak igandean berean apuntatu beharko du, 07:00etatik 07:45era bitartean Aresoko plazan eta 10 euro ordainduta.

Igande honetan, irailak 2, Aresok hartuko du mendi itzulien lekukoa, aurtengoarekin bosgarren aldiz. Mendizaleek 23 kilometro eta 1.250 metroko desnibela duen ibilbidea izanen dute aukeran.

Dagoeneko itxita dago aldez aurretik izena emateko epea, eta beraz, mendi itzulia egin nahi duenak igandean berean apuntatu beharko du, 07:00etatik 07:45era bitartean Aresoko plazan eta 10 euro ordainduta.  

Ibilbidea

Aresoko plazatik abiatuko da aurten ere bosgarren mendi martxa hau. Handik Urteagarako (606 metro) bidea hartuko dute mendizaleek, eta gero Ulizar (867 metro) igo beharko dute. Merkuzelaira jeitsi ondotik, Urkita (850 metro) izanen dute hurrengo tontorra. Pagozelaira jeitsiko dira gero, eta Guratz (955 metro) izanen da ibilbideko punturik altuena. Handik herrira jeitsiko dira.

Lauzpabost orduko ibilbidea izanen da eta ibilaldia bukatutakoan, paella, sagardoa eta kaikuak izanen dira, besteak beste.

Antolatzaileak Aresoko Udala, Araitz-Areso-Betelu-Larraun eta Lekunberriko Kirol Mankomunitatea, Plazaola Partzuergo Turistikoa eta Nafarroako Ibilaldi Luzeko Zirkuitua dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun