San Agustin eguna ospatuko dute asteartean Artikutzan

Ttipi-Ttapa 2012ko abuztuaren 27a

Goizuetako Umore Ona abesbatzak kantuz alaitu izan ditu Artikutzako bazterrak San Agustin egunez.

Independentistak Sareak deituta, independentziaren aldeko mendi martxa eginen da Goizuetatik Artikutzara

Pilota partidak, bertsolariak, herri kirolak, dantzaldia... Egun osoko egitaraua prestatu dute Artikutzan. Gainera, Independentistak Sareak deituta, independentziaren aldeko mendi martxa eginen da Goizuetatik Artikutzara.

 

Urteko hitzordu nagusia eginen da Artikutzan astearte honetan, abuztuak 28, bere zaindariaren eguna ospatuko baita. Gure eskualdeko jende aunitzentzat, Goizueta, Arantza edota Lesakakoentzat, adibidez, hutsik egiten ez duten hitzordua izaten da. Aurten ere, egun osoko egitaraua antolatu dute.

11:00etan meza eginen da eta Egi Eder otxoteak parte hartuko du. 11:30ean, bi pilota-partida jokatuko dituzte Oiartzun eta Goizuetako eskoletako pilotariek. 17:00etan Mañukorta eta Irazo bertsolarien saioa izanen da eta 18:00etan herri kirolak izanen dira ikusgai. Donato eta Oihan Larretxea aita-semeak, Atutxa eta Mugertzaren kontra ariko dira. Horrez gain, O'Toole australiarrak mozketa azkarraren aizkora erakustaldia eskainiko du. Iñaki Perurenak, berriz, harri jasotze erakustaldia eskainiko du. 19:30etatik aitzinera, dantzaldia izanen da.

Ekitaldi horiez gain, artisautza produktuak eta herriko bertze hainbat produktu dastatzeko aukera ere izanen dute bisitariek. Bi ostatu ere zabalduko dira. Egun hau izaten da Artikutzak ateak irekitzen dituen urteko egun bakarra eta 08:00etatik aitzinera zabalik egonen da.

Independentziaren aldeko mendi martxa

Independentistak Sareak, bere aldetik, independentziaren aldeko mendi martxa antolatu du San Agustin egunez Artikutzara joateko. 09:00etan egin dute hitzordua Goizuetako plazan eta 12:00etan sagardo eta pintxoak eskainiko dituzte. Izen-ematea Goizuetako Amaia kafetegian egin behar da, bortz euro ordainduta. Itzulera bakoitzak bere kabuz egin beharko duela ohartarazi dute antolatzaileek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun