Urtea bete du Izaskun Bakerok Goizuetako Herriko Etxean zinegotzi lanean eta balorazio ona egiten du, «Gauzak egiteko gogoekin, nahiz eta urduritasun puntu bat izan. Dena berria da neretzat, gauzak ongi egin nahi ditut eta zalantzak sortzen dira», aipatu digu. Hori bai, festak beste ikuspuntu batetik ikusten direla esan digu, «lehen festak iristen ziren eta ‘hala, ongi pasatzera!’. Orain, ongi pasatzeko, aldez aurretik zenbat lan egin behar den ikusten dut. Ezustekoak sortzen dira eta horrekin kezkak ere bai». Festak antolatzerako orduan, Goizuetan lehenik herriko eragileak eta eta zerbait aportatu nahi dutenei deitzen zaie bilera batera, «denon artean erabakitzeko festetako ekintzak etabar, beti ere aurrekontua kontutan hartuta. Bestelako eginbeharrak alkatearen eta zinegotzien artean erabakitzen dira», dio Bakerok. Herri askotan festak tenore berean direnez, otsail-martxorako hasten omen dira berbenetako taldeak-eta lotzen. Goizuetako Amabirjinetan gehien gustatzen zaiona galdetuta, «sortzen den giroa» aipatu digu kultur zinegotziak. «Aspaldi ikusten ez diren herritarrek ere bere bisita egiten dute, familikoak etortzen dira, eta urtero bere bueltaxka egiten duen jendea ere badago. Nere ustetan horrek zeozer esan nahi du. Hori orokorrean, eta pertsonalki ba nere etxekoekin pasatzen dudan denbora, otordu garaiak etabar, beti izaten ditugu sorpresak eta». Krisi garaia festetan ere somatzen dela aipatu digu «hori denen nabarituko da, gauzak ez daude batere ondo eta» eta horregatik aurrekontuko zenbakiak beti ajustatzen ibili behar direla. Festetan zerbait nabarmentzea zail egiten zaio, «Nire ustetan gauza bakoitzak dauka bere momentua eta zaila egiten zait bat aukeratzea». Berrikuntzei dagokienez, «bakailo lehiaketa bat antolatuko dugu herriko plazan. Bakailaoa udalak jarriko du, baino gainontzeko tresneria norberak ekarri beharko du». Joan den urtean hasi zen beste ekimen bat ere aipatu nahi izan du Izaskunek, «gaztetxo eta guraso batzuk osatutako txaranga, Irumaita. Umeen egunean, abuztuaren 12an, eguerdira bitartean kalez-kale ibiliko da. Nabarmentzekoa da ere abuztuaren 15ean Aimar Olaizolari frontoian egingo zaion omenaldia». Txupinazoa aurten Umore Ona elkarteak botako duela ere aurreratu digu, «asko mugitzen da eta gure babes osoa du». Goizuetako festek beti izan dutela halako fama ona aipatu digu Bakerok eta horregatik biltzen dela hainbat jende. «Etortzen den guztia dirudienez ongi sentitzen da bertan. Horrek etortzen denari harrera ona egiten diogula esan nahiko du eta bertakoak bezala tratatzen ditugula, kontutan izan gabe adina, nahiz gaztea edo heldua izan», dio. Goizuetako festetako giroa ezagutzen ez dutenei ezagutzera etortzeko gonbidapena luzatzen die eta «ezagutzen dutenei, badakitela non gauden eta aurtengo festetan ere primeran pasako dugula».