Ruben Saralegik eta Arkaitz Jauregik lortu zuten abuztuaren 11n Leitzako plazan azaroan jokatuko den Euskal Herriko Hirugarren Mailako finalean aritzeko txartela, joan den astean Kastrok eta Kañamares III.ak lortu zuten bezalaxe.
Hamaika aizkolari aritu ziren Leitzako plazan, eta bakoitzak launa kana-erdiko erdibitu behar izan zituen. Guztietatik lehenengo biek lortu zuten sailkatzea. Dudarik gabe, lehen txanda izan zen jokatu ziren hiruretan indartsuena, bertako lehen hiru sailkatuak lortu baitzuten sailkapeneko lehen hiru postuetan amaitzea, eta estreinako biek, gainera, finalera sailkatzea.
Ruben Saralegi, Jauregi, Dorronsoro eta Txikon lehiatu ziren. Hasieran Jauregi zertxobait aurretik hasi baldin bazen ere, bigarren enborrean Ruben Saralegik gainditu zuen, eta leitzar gazteak aurrera egin zuen txanda irabaziz, baita jokatu diren bi kanporaketetan egin den denborarik onena lortuz ere.
Atzetik minutu bat eta hiru segundora sailkatu zen Arkaitz Jauregi. Hirugarren bukatu zuen Dorronsorok eta laugarren Txikon sailkatu zen.
Bigarren txanda izan zen denetan eskasena. Eneko Saralegi, Olano II.a, Intxausti eta Jon Larrañaga lehiatu ziren. Eneko Saralegik hasi bezain azkar egin zuen ihes, eta inork ez zuen bera estutzerik lortu. Leitzarrak irabazi zuen, baina ezin izan zen finalerako sailkatu. Olano, Intxausti eta Jon Larrañaga sailkatu ziren atzetik, eta beraienak izan ziren arratsaldeko markarik eskasenak.
Hirugarren multzoan, Uzkudun, Garcia eta Telletxea neurtu ziren. Hiruretako inor ez zen sailkatu finalerako, baina txanda orekatua izan zen. Hiru aizkolariak batera aritu ziren hirugarren enborraren amaierara arte. Hor Uzkudunek ihes egin zuen, eta Telletxea atzean geratu zen. Tartean, berriz, Garcia geratu zen.
Hirugarren eta azken kanporaketa, abuztuaren 25ean jokatuko da Lakuntzan eta finala, berriz, azaroaren 11n Aldatzen.