Zabalik dago Aresoko Mendi Martxan izena emateko epea

Ttipi-Ttapa 2012ko abuztuaren 20a

Aresoko mendi martxaren duela bi urteko irudi bat.

Aurten bosgarren aldiz eginen den itzulia irailaren 2an eginen da

23 kilometro eta 1.250 metroko desnibela duen ibilbidea egiteko aukera izanen dute mendizaleek irailaren 2an Areson. Abuztuaren 30a baino lehen izena ematen dutenek 6 euro ordaindu beharko dute eta egunean berean egiten dutenek 10 euro.

Irailaren 2an Aresok hartuko du mendi itzulien lekukoa, aurtengoarekin bosgarren aldiz. Mendizaleek 23 kilometro eta 1.250 metroko desnibela duen ibilbidea izanen dute aukeran. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea eta aipatzekoa da, abuztuaren 30a baino lehen izena ematen dutenek 6 euro ordaindu beharko dutela eta egunean berean egiten dutenek 10 euro. Izen-ematea www.mendizmendi.com web orrian egin daiteke edo 948 604545ra deituta edo kirolmank@gmail.com-era idatzita. Izena emandakoan orainketa ondoko kontuetako batean egin beharko da, kontzeptu gisa partehartzaile bakoitzaren izen-abizenak ongi adierazita: Nafarroako Kutxan 2054 0045 61 9145865649 kontuan, edo Rural Kutxan 3008 0041 08 1658588825 kontuan. Egun berean, berriz, 07:00etatik 07:45era bitartean izanen da apuntatzeko aukera.

 

Ibilbidea

Aresoko plazatik abiatuko da aurten ere bosgarren mendi martxa hau. Handik Urteagarako (606 metro) bidea hartuko dute mendizaleek, eta gero Ulizar (867 metro) igo beharko dute. Merkuzelaira jeitsi ondotik, Urkita (850 metro) izanen dute hurrengo tontorra. Pagozelaira jeitsiko dira gero, eta Guratz (955 metro) izanen da ibilbideko punturik altuena. Handik herrira jeitsiko dira.

Lauzpabost orduko ibilbidea izanen da eta ibilaldia bukatutakoan, paella, sagardoa eta kaikuak izanen dira, besteak beste.

Antolatzaileak Aresoko Udala, Araitz-Areso-Betelu-Larraun eta Lekunberriko Kirol Mankomunitatea, Plazaola Partzuergo Turistikoa eta Nafarroako Ibilaldi Luzeko Zirkuitua dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun