Jexuxmari Ormaetxea Urki-k lau finalisten artean eskarmenturik handiena duena dela erakutsi zuen uztailaren 15ean Leitzan jokatu zen Euskadiko Sega Txapelketaren finalean. Iaz ez zuen Euskadiko Txapelketa jokatzerik izan eta ezta Gipuzkoakoa ere. Aurten ere ez du Gipuzkoako txapelketa jokatzerik izan, baina arantzatxoa atera du Leitzan.
Orendaingoak Euskadiko hamargarren txapelketa eta hamargarren finala jokatu du. 2002an eta 2004an eta 2007an txapeldunorde izan zen. 2000n, 2001ean eta 2005ean, berriz, hirugarren izan zen. 2006ko txapelketa ez zuen jokatzerik izan, min hartuta zegoelako. 2008an, hirugarren sailkatu zen. 2003an eta 2010ean txapeldun izan zen.
Leitzako Urtotxiki baserriaren inguru soroan jokatu zen finala, 12:00etan hasita. Segalariek ordu batean jardun zuten ahalik eta belar-kilo gehien ebakitzeko asmotan. Segalari bakar batek ere ez zuen txartel gorririk jaso, eta, beraz, ez zuten zigorrik jaso. Segalari bakoitzarentzat hamaika sail prestatu zituzten antolatzaileek, eta hamaikagarrenean bukatu zuten lau segalariek.
Ondoko lau segalariok aritu ziren finalean: Mikel Alkorta Aizpurua (Donostia; Asteasun bizi da; Gipuzkoa; 41 urte), Jon Kanflanka Ezkurra (Leitza; 31 urte), Juan Joxe Lizaso Rezabal (Asteasu, Gipuzkoa; 51 urte) eta Jexuxmari Ormaetxea Telletxea Urki (Orendain, Gipuzkoa; 36 urte).
Aurreneko lau sailak berdintsuak izan ziren neurriz, eta aski parean aritu ziren lau segalariak. Hala ere, Lizasok hartu zuen aurrea sailak azkarren bukatzen, eta bukaeraraino jardun zuen lehen postuan. Alkorta eta Kanflankaren artean oso lehia estua izan zuten sailak bukatzen, eta Urki txapelduna atzeratu zen pittin bat arlo horretan.
Lanerdietatik aurrera, Kanflanka hurbiltzen hasi zitzaion Lizasori, Alkorta hirugarren postuan jarri zen eta Urkik laugarren segitu zuen. Zortzigarren saila denbora hauetan bukatu zuten lau segalariek hurrenez hurren: Lizaso (45:10), Kanflanka (47:53), Alkorta (48:40) eta Urki (49:40). Hamargarren saila bukatuta ere hurrenkera horretan ziren, hots, Lizaso (52:55), Kanflanka (54:17), Alkorta (55:00) eta Urki (55:50). Ikusten denez, Urki txapeldunak bizitu egin zuen erritmoa azkenaldian. Hamargarren sail hori 180 metro kuadrokoa zen, eta baita azkenekoa ere. Azken sail horretan, Lizasok sei mail ebaki zituen, Kanflankak bost eta erdi, Alkortak lau eta Urkik bi.
Hala ere, ustez gutxien ebaki zuena izan zen txapelduna segalari bakoitzak ebakitako belar-kiloen batuketa egin ondoren. Bistan da Urkik oso behetik ebaki behar izan zuela eta horregatik batu zituela belar-kilo gehien.
Berriro geratu da agerian, irabazlea ez dela izaten beti aurretik amaitzen duena.
2012ko sailkapena:
1. Jexuxmari Ormaetxea Urki (Orendain, Gipuzkoa; 36 urte): 2.996 belar-kilo
2. Mikel Alkorta (Donostia, Gipuzkoa; 41 urte): 2.918,5 belar-kilo
3. Juanjoxe Lizaso (Asteasu, Gipuzkoa; 51 urte): 2.879,5 belar-kilo
4. Jon Kanflanka Ezkurra (Leitza; 31 urte): 2.829,5 belar-kilo