Jon Kanflanka (Leitza, 31 urte), Mikel Alkorta (Donostia, Gipuzkoa; 41 urte), Juanjoxe Lizaso (Asteasu, Gipuzkoa; 51 urte) eta Jexuxmari Ormaetxea Urki (Orendain, Gipuzkoa; 36 urte). Lau segalari horiek izanen dira igande honetan, uztailak 15, Leitzan jokatuko den Euskal Herriko Sega Txapelketako finalean ariko direnak. 12:00etan hasiko da saioa.
Erreka auzoko Urtotxiki inguruan ariko dira lau segalariak, ordu batean zeinek belar-kilo gehiago ebaki, kontuan hartuta txukun ez ebakitzeagatik epaileek jar ditzaketen zigorrak.
Igandekoa bosgarren finala izanen da Kanflanka leitzarrarentzat, bere zortzigarren partehartzean. Ez du txapelik inoiz jantzi, ez Nafarroakoan ez Euskal Herrikoan. Lizasok eta Urkik, aldiz, Euskal Herriko bina txapel jantziak diruzte. Alkortarentzat hirugarren finala da, baina honek ere ez du txapelik, nahiz eta Erratzuko finalerdian bera izan zen nagusi.
Kanporaketak Erratzun
Segalari hauek ekainaren 30ean Erratzuko Iñarbil auzoan jokatutako kanporaketetan lortu zuten finalerako txartela. Zazpi segalari aritu ziren lanean, eta bakoitza 30 minutuz aritu zen ahalik eta belar-kilo gehien ebakitzeko helburuarekin, txukuntasuna aintzat hartuta.
Lehen kanporaketan, Mikel Alkorta nagusitu zen, eta Jon Kanflanka bigarren izan zen. Gari Etxeberria (Amasa-Villabona, Gipuzkoa; 29 urte) hirugarren sailkatu zen. Bigarren kanporaketan lau segalari aritu ziren: Juan Joxe Lizaso izan zen bizkorrena eta Jexuxmari Ormaetxea bigarren. Angel Maguregi (Artzentales, Bizkaia; 59 urte) eta Jon Intxaurbe (Zeanuri, Bizkaia; 36 urte) izan ziren hirugarren eta laugarren, hurrenez hurren.
Sailkapen nagusian, Mikel Alkortak 1.537,5 belar-kilo ebaki zituen; Lizasok 1.482 belar-kilo, Ormaetxeak 1.471,5 kilo eta Kanflankak 1.307 kilo. Horiek izanen dira igandean lehian ariko direnak. Gainerakoan, Maguregik 1.279 belar-kilo ebaki zituen Erratzun, Intxaurbek 1.196 kilo eta Etxeberriak 1.097 kilo. Azken hiru hauek finaletik kanpo gelditu dira.