Bigarren mailako eskuz binakakoa Ceciliorekin irabazi ondotik, buruz burukoan ere nagusitzea lortu du Jon Jaunarena leitzarrak, denboraldi bikainari bukaera emanez. Ekainaren 30ean Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatutako final lehiatuan 22-16 irabazi zion Joseba Ezkurdiari.
Partidaren lehenbiziko zatia oso parekatua izan zen, nahiz eta leitzarra 7-2 irabazten jarri. 7-6kora hurbildu zen Arbizukoa, baina berriz ere 10-6 aurreratu zen Jaunarena. Baina 0-5eko partzialarekin markagailuan aurretik jarri zen Ezkurdia (10-11). Hamekana, hamabina, hamahiruna eta hamalauna berdindu ondotik, neka somatzen hasi zen Jaunarena eta bazirudien Arbizurako bidea hartuko zuela txapelak. Baina ongi errekuperatu zuen leitzarrak eta 17-14 irabazten jarri zen. Tantu bakarrera hurbildu zen Ezkurdia, baina azkeneko bostak segidan egin zituen Jaunarenak, txapela eskuratuz.