Sanjuanei lekukoa hartuz, Sanpedro jaiak asteburu honetan

Juana Mari SAIZAR 2012ko ekainaren 29a

Larunbateko afarirako txartelak Sastinean eros daitezke

Uda iritsi zaigu eta honekin batera umeak eskola garaia bukatu dute. Urteroko legez, San Juan bezpera izan dugu horren adierazga­rri eta ederki ospatuak geratu dira. Ekainaren 23a egun berezia da Euskal Herri osoan eta Areson ere izan zuen bere partea. Arratsaldean umeen jokoak, tailerrak eta merienda egitekoak­ ziren plazan, eta gauez­ herri afaria denentzat. Urtero Guraso Elkar­teak antolatzen duen festan aurtengoan Udalak ere bat egin du eta ho­rre­la, haurren edaria Guraso Elkarteak eta helduena Udalak eza­rri du. Afaria norberak berea eramaten du etxetik pres­tatua, eta guztiek beren partea eginda helburu nagusia giro ede­rrean gau polit bat pasatzea izaten da, baita lortu ere. Ilun­tzean, sua egitekoa zen.
 
San Juan bezpera ondoren, San Pedro jaiak­ izango dira astebu­ru honetan herrian. Osti­ral arratsaldean hasiko dira San Pedro eguneko meza eginez eta he­rriko eskearekin. Gauean, Lagun Artekoek afaria egingo dute Pake Toki elkartean. 
 
Larunbata izango da egun handia, goizean goizetik ederki gosaldu ondoren, baserrietako eskean ariko baitira gazteak. Egun guztia han pasa ondoren, plazan musika jarriko dute­ herritar guztientzat eta eguna amaitzeko herri afaria izango da Pake Toki elkartean. Afalondoren ere musika izango da. Esan, afarirako txartelak Sastinean daudela salgai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun