Nafarroa eta Gipuzkoako 208 erakundez osatua dagoen Tentsio Altuko Linearen kontrako plataformak, kaltetuak izanen diren zonalde desberdinetako bost plazatan hitzordua izan zuten ekainaren 23an, Altsasun, Leitzan, Lizarran, Ororbian eta Seguran hain zuzen ere. Leitzako plazan ehun bat labun bildu ziren.
Plataformak dioenez, egun hauek erabakigarriak dira, «ekainaren 30ean gobernu zentralak REE S.A.ri plangintza berria aurkezteko emandako epea bukatuko delako batetik eta enpresa honek argi eta garbi erakutsi duelako Itsasotik Dicastillora doan tentsio Altuko Linearen proiektua bere egitasmoen artean sartu nahi duela».
Plataformaren datuen arabera, «gure etxeetan ordaintzen dugun argiaren faktura 4 urtetan %40 igo da eta enpresa pribatu honek, argindarraren banaketan monopolioa duen honek, azken urtean bere irabazik %18 handitu ditu. Argi dakigu nork ordaintzen ditugun krisiaren ondorioak eta gure kasuan prezio are handiagoa ordainarazi nahi digute. 400.000 voltioko makroeraikuntza honek, gure ingurunea, osasuna eta herrien etorkizuna aurretik eramanen baitu».
Plataformarentzat, aipamen berezia merezi du Nafarroako Gobernuko Lehendakari den Yolanda Barcinak, bere agendan ez baitu Plataforma honetako kidediren 165 udaletxe eta kontzejuei harrera egiteko tarterik aurkitu, «bai ordea merkatu elektrikoaren espekulazioari esker irabazi izugarriak dituzten enpresa pribatuekin elkartzeko. Gure ordezkariekin elkartu eta gure argumentuak entzun nahi ez izanak, jarrera antidemokratikoa adierazteaz gain, argi erakusten digu kolokan dagoen Gobernu honen apostua herriari bizkar emanez erabakiak hartzea dela».
Tentsio Altuko Lineraren proiektu honek «gure eskualdeen garapenerako egindako apostu eta aurreikuspenen kontra» egiten duela uste du Plataformak eta hori osatzen dutenek herri bizien aldeko apostua egin dute. Horregatik eta inposatu nahi duten trazadura edozein dela ere, proiektu hau gelditzeko lanean segituko dutela jakinarazi dute.