Faborito argirik gabeko finala zen teorian Aimar Olaizola Olaizola II.a goizuetarraren eta Juan Martinez de Irujo iberoarraren arteko Buruz Buruko Txapelketakoa, baina partida, azkenean, ez zen lehiatua izan, Olaizolak erraz jantzi baitzuen txapela, 22-7 irabazita.
Irujok hasieran baino ez zion egin aurre Aimarri; goizuetarrak lehenbiziko lau tantuak egin bazituen ere, 5-7 jarri zen irabazten Iberokoa. Handik aritzinera erabat nagusitu zen Olaizola. Gainera jokabide eskasa izan zuen Irujok, aulkia eta epaileak erakutsitako txartelak airean botaz.
Oraingo honekin, Aimar Olaizolak hiru aldiz irabazi du Buruz Buruko txapela: 2005, 2007 eta aurten. Irujok lau aldiz: 2004, 2006, 2009 eta 2010ean. Finalean lau aldiz aritu dira biak elkarren kontra. 2005ean Olaizolak irabazi zuen (22-18), 2006an Irujok (22-17), 2009an berriz ere Irujok (22-12), eta aurten Olaizolak.
Buruz buruko hirugarrenarekin, profesionaletako hamargarren txapel haundia da Aimarrentzat, lau terdikoan bertze bortz eta eskuz binakakoan bi irabaziak baititu. Iaz Yves Salaberri Xala izan zen txapelduna. Olaizola II.a hartu zuen mendean, 22-19, Bizkaia frontoian.