Leitza eta Areson egin behar diren «zerbitzu publiko guztien murrizketen aurka eta bereziki osasun arloan egin behar dituztenen aurka» agerraldi jendetsua burutu zen ekainaren 22an, ostiralean Leitzako plazan. Bertan 500 herritar inguru elkartu dira “Leitza bizirik, murrizketarik ez!” goiburupean.
Plazaratutakoek pentsatzen dute «zerbitzu publikoa dela Gobernutik bultzatu behar dena, bereziki oinarrizko zerbitzua, eta gure ustez Osasuna da horietako bat».
Eskualdean orain arte osasun etxeko zerbitzua 24 ordukoa izan da, hau da, medikua eta erizaina bertan egoten dira kontsulta orduak bukatzen direnetik biharamunera arte, asteburuak barne, eta oso zerbitzu ona jasotzen dutela uste dute Leitzan. «Hemendik aurrera, berriz, arratsaldeko 3etatik hurrengo goizeko 8ak arte guardiak “lokalizatuak” izanen dira. Honek esan nahi du ez dutela langileek zertan zentroan egon eta dagokien eremuaren barnean edozein lekutan egon daitezkeela», adierazi zuten.
Horrek kezka sortu du herritarren artean, «jakin badakigulako ez dela berdin 112ra deitu eta zerbitzua berehala jasotzea edota medikua eta erizainaren zain egotea; izan ere, momentu jakin askotan aurreneko 10 minutuak oso garrantzitsuak izaten dira bizia salbatzeko».
Jaiotze-tasaren gorakadaren ondorioz, biztanle kopurua hazten ari da Leitzaldean, baina aldi berean populazio gero eta zaharragoa da eta horrek «prozesu kronikoak, ezbehar kardiobaskularrak, garunetako hodietako istripuak, pluripatologiak eta bestelakoak ugaritzea dakar, eta horiek guztiek eguneko 24 orduko arreta eta segimendua» eskatzen dutela uste dute.
Leitza eta Areso herri txikiak izanda ere biztanleak oso sakabanaturik daude, baserri auzo asko baitago; neguan, gainera, arazo horiek guztiak areagotu egin daitezke eguraldiagatik. Horretaz gain, asteburuetan ere jende asko etortzen da Plazaola dela medio, eta A-15 autobia ere herriotatik igarotzen da. Horrek ere istripuak gertatzen direnean hemengo zerbitzua mugiarazten du, hasiera batean behintzat, anbulantziak iritsi arte. Medikuak eta erizainak aldatzea ere ez dela egokia uste dute, «orain denak eragunak baikara eta hori larrialdi momentuan oso garrantzitsua da, gauzak asko errazten ditu».
Beraien kezkak azaldu ondotik, Leitza eta Aresoko eskualdean osasun-laguntza emateko planteatu den erreformari ezezko irmoa eman diote eta eskumena duten agintariei «planteatutako neurriak berriz azter ditzatela, eta gaur egungo baldintzei eta ezaugarriei eustea, 24 orduz bertan egotea mantenduz; izan ere, zaintzaldi lokalizatuek osasun-arretan atzerapauso bat ekarriko dute», eskatu diote. Modu berean, «gure eskualderako berdintasunezko tratamendua» eskatu dute, «nafar guztiei ematen zaien berbera, osasun-laguntza eraginkorrari eta osasun-baliabideei dagokionez».