Parekidetasuna lortze aldera, apirilean hasi ziren udal langile, zinegotzi eta herriko eragileei zuzendutako formakuntza saioak. Apirilean saio bat izan zen eta maiatzean beste bat. Asteazken honetan, ekainak 13, 18:00etan hirugarrena izanen da, eta udatik bueltan geratzen diren beste hirurak.
Emagin elkarteko kideek ematen dituzte saioak eta hausnarketa sakonak planteatzen ari dira ondoko gai hauen inguruan: feminismoa, mugimendu feminista, genero politikak, sistema patriarkala, emakumeen partehartze sozio-politikoa...
30-35 lagun ari dira saio hauetan parte hartzen, oso talde handia eta aberatsa. Geratzen diren saioetan, uda pasatuta izanen direnak, lengoaiaren eta irudiaren erabilera ez sexista eta indarkeria sexistaren inguruan ariko dira.
Oso garrantzitsua da formakuntza saio hauetan lantzen dena, berdintasun teknikariaren ustetan, batez ere zonaldeko zinegotzi, langile eta herrietan diharduten eragileentzat, hauek duten ardura eta konpromisoagatik.
Honetaz aparte, Mankomunitatean Berdintasun Plan bat burutzen ari da, eta hau egin ahal izateko talde ezberdinekin bildu da Amaia Zalba berdintasun teknikaria. Leitzan talde bat osatu dute, herriko hainbat eragilerekin (irekia da), eta orain arte bilera bat izan dute. Hurrengoa ekainaren 21ean izanen da, 18:00etan udaletxean. Beste talde batzuk sortu dira inguruko herrietan.
Hauetan guztietan herriko egoera hausnartuko dute, emakume eta gizonen errealitateak zeintzuk diren jakiteko, beharrak ezagutzeko eta hemendik abiatuta, parekidetasuna lortze bidera, Berdintasun Plana egiteko.