Aspaldiko partez, herri krosa egin zen maiatzaren 27an, Umore Ona Elkarteak antolatuta. Alde batetik, txikiek izan zuten korrika egiteko aukera eta 63 neska mutikok hartu dute parte bi kategoriatan. Denentzat izan zen oroigarriren bat. Helduen laisterketan 66 lagunek eman zuten izena eta gizonezkoetan bizkorrena Irurako Unai Señoran izan zen (32 minutu). Bigarren Ibai Alba hernaniarra izan zen 2 segundora eta hirugarren Tolosako Iker Pagola, 01:35ra. Emakumezkoetan, irabazlea Errenteriako Ana Gonzalez izan zen (43:41), bigarren Iruñeko Maite Ares eta hirugarren Burlatako Maite Orofino. Herritarren artean, gizonezkoetan onena Martin Etxeberria izan zen, sailkapen orokorrean hamargarrena (36:05), eta herriko lehenengo emakumea Ane Zinkunegi (52:47) izan zen. Laisterketa bukatuta, denek izan zuten dutxatzeko aukera eta ondotik, sari banaketa eta zozketak egin bitartean hamaiketakoa ere eskaini zitzaien parte hartzaileei. Eguna oso ongi joan zen eta antolatzaileek hasiera batean ezarritako helburuak bete ziren neurri batean: krosa berreskuratzea, Goizuetan igande goiz batean kirolaren inguruan jendea biltzea, kanpoko jendeari herria ezagutzera emanaz, eta bestalde, herriko jendeak parte hartzea. 63 neska mutikoez gain, helduetan 17 herritarrek parte hartu baitzuten. Krosa egiteko ohitura berreskuratuta, datorren urtekoa oraindik arrakastatsuagoa izan dadin lanean jarraituko duela adierazi dute Umore Ona Elkartetik, hobetzen ahal dena hobetzen saiatuz. Bide batez, laguntzaileei ere eskerrak eman nahi izan dizkiete.