Ekainaren 9an Goizuetan eginen den UEMA Eguna aurkeztu dute

TTIPI TTAPA 2012ko ekainaren 7a

Jon Abril, Maren Belastegi, Alaitz Eskudero eta Marisol Taberna, UEMA Egunaren aurkezpenean. Utzitako argazkia

Larunbat osorako egitarau zabala prestatu dute, “Euskaraz bizi eta ari, herri euskaldunak aitzindari” izenburupean

Larunbat honetan, ekainak 9, Goizuetan izango dugu UEMA Eguna. Ekainaren 6an egindako prentsaurrekoan aurkeztu zuten eguna Jon Abril, Berako Udaleko zinegotzia eta UEMAren Zuzendaritza Batzordeko kideak, Maren Belastegi, Bergarako Udaleko alkateordea eta UEMAko lehendakariak Alaitz Eskudero, Goizuetako Udaleko zinegotzia eta Nafarroako Iparraldeko Mankomunitatearen lehendakariak eta Marisol Taberna Berako Udaleko alkateak.

Larunbat honetan, ekainak 9, Goizuetan izango dugu UEMA Eguna. Ekainaren 6an egindako prentsaurrekoan aurkeztu zuten eguna Jon Abril, Berako Udaleko zinegotzia eta UEMAren Zuzendaritza Batzordeko kideak, Maren Belastegi, Bergarako Udaleko alkateordea eta UEMAko lehendakariak Alaitz Eskudero, Goizuetako Udaleko zinegotzia eta Nafarroako Iparraldeko Mankomunitatearen lehendakariak eta Marisol Taberna Berako Udaleko alkateak.

Aurtengo UEMA Eguna Goizuetan izango da larunbatean, ekainak 9, eta egitarau oparoa izanen du: herri bazkaria, dantzaldia, haurrentzako jokoak… Leloa hauxe da: “Euskaraz bizi eta ari, herri euskaldunak aitzindari”. Aurkezpenean parte hartu duten guztiek nabarmendu dute UEMAk euskararen normalizazioan egindako aitzindaritza lana, eta Nafarroako Gobernuaren jarrera kritikatu dute.

Maren Belastegi UEMAko lehendakariak nabarmendu du Goizuetako UEMA Egunaren aurkezpenean ezin dela aipatu gabe utzi Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika: «Argi eta ozen aldarrikatu nahi dugu, enegarren aldiz, zonaldekako banaketak desagertu egin behar duela, hizkuntza eskubide berberak eduki behar dituztela goizuetarrek, tafallarrek, erronkariarrek, lekunberriarrek, iruindarrek, lodosarrek, lizarratarrek eta tuterarrek, eta horiek guztiek aramaioarrek, gatikarrek edo zumaiarrek dituzten hizkuntza eskubide berberak eduki behar dituztela». Gisa berean, UEMAk jokatu beharreko rolaz ere aritu da Belastegi: «Hizkuntza eskubideen aldarrikapen eta lorpenean aitzindari izan behar dugu, UEMAri dagokio helburu horietarako aitzindaritza lana egitea, aurrerapausoak ematea».

Alaitz Eskudero Goizuetako zinegotzi eta Nafarroako Iparraldeko Mankomunitateko lehendakariak euskararen arloan Nafarroan egin dituzten murrizketak kritikatu ditu, eta nabarmendu du indar handiagoa egin beharko litzatekeela hizkuntza politika aurrerakoia egiteko.

UEMA Egunaren irakurketa politikoaz gaindi, aurkezpenean parte hartu duten guztiek dei egin diete euskaltzaleei larunbatean Goizuetara joan daitezen, eta egitarauaren berri eman dute. Leloaren gaineko azalpenak ere eman dituzte, eta adierazi dute euskaraz bizitzeko eta aritzeko udalerri euskaldunak direla tokirik egokienak, eta, hain zuzen ere, horregatik dutela aukera beste toki batzuetan baino aurreratuago egoteko eta euskararen normalizazioan neurri aurrerakoiak hartzeko.

 

Igantzi eta bertze lau herri sartuko dira UEMAn

Bestalde, larunbata egun pozgarria izango da UEMArentzat eta mankomunitatea osatzen duten herrientzat, bost herri gehiagok egingo baitute bat UEMArekin: Igantzik, Getariak, Mañariak, Oñatik eta Ondarruk.

Modu berean, Goizuetako UEMA Egunaren baitan, UEMAk berretsi egingo du euskalgintzako bi erakunde erreferenteekiko elkarlana. Batetik, UEMAk berrialagun izango dela iragarriko du, eta, horren bidez, laguntza emango dio Berriaren zabalkunde prozesuari. Bestetik, Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin hitzarmen berria sinatuko du, herri euskaldunetan hizkuntza eskubideen aldeko dinamikak indartzeko.

 

Egitarau zabala

10:00etan UEMAko udaletako ordezkarien batzarra udaletxean.

11:00etatik 14:00etara Haurrentzako puzgarriak, jokoak eta tailerrak.

11:30ean Herriko etxeak ezagutzeko bisita gidatua.

13:30ean UEMA Eguneko ekitaldi nagusia. Goizean zehar artisauak, dantzariak eta musikariak herrian zehar.

14:30ean herri bazkaria.

16:00etatik 18:00etara Haurrentzako puzgarriak.

19:00etan dantzaldia Gabezin taldearekin.

Gauean kontzertua Gaztetxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun