Euskaraz bizi eta ari, herri euskaldunak aitzindari lelopean eginen da UEMA Eguna Goizuetan. Dantzak, musika, umeentzako jolasak, herri bazkaria, herriko etxeak eta kontuak ezagutzeko aukera... Egun osoko egitaraua antolatu dute goizuetarrek.
1998an Arantzak hartu zuen lekukoa eta 2009an Berak. Aurten, berriz, eskualdeko beste herri bati tokatu zaio eta Goizuetan eginen da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen Eguna ekainaren 9an. Mankomunitatearen eta euskararen aldeko aldarrikapen egun honen aitzakian, egun osoko egitaraua prestatu dute.
Aurreko Udalak ere saiakerak egin zituen UEMA Eguna Goizuetan egin zedin eta aurten bai, aurten Goizuetan eginen da. Alaitz Eskudero Goizuetako zinegotziak adierazi digunez, «arrunt pozik gaude egun hau Goizuetan ospatuko delako. Fernando Goia aurreko euskara zinegotziak ahalegin haundia egin zuen egun hau Goizuetan egiteko, eta behingoz lortu dugunean berak ezin izan du Udalean egon. Hala ere, lantaldean parte hartzeko aukera izan du, eta oso eskertuak gaude bere lanagatik».
Otsail hasieran egin zen ofizial UEMA Eguna Goizuetan eginen dela eta berehala hasi ziren herritarrak lanean, hamabost bat laguneko lantaldea osatuta. «Erronka haundia» dela aitortu digu Eskuderok, baina «erronka haundia bezain polita da Goizueta bezalako herri ttiki batentzat». Pozik dago herritarren aldetik «interes haundia» ikusi baitu.
Euskaraz bizi eta ari, herri euskaldunak aitzindari. Hori izan da aukeratutako leloa. Eta zergatik? Zinegotziak eman dizkigu xehetasunak: «euskaraz bizi eta aritzea da UEMAko herrien helburua, eta etorkizunean ere euskara biziko bada Goizueta eta UEMAko beste herriak aitzindariak izanen dira. Lelo honekin ekimen honen izaera aitzindaria bildu nahi izan genuen».
Goizuetan euskararen egoera nola ikusten duen ere galdetu diogu eta «ona» dela erantzun digu: «hemen euskaraz bizi gara, beraz, Goizueta euskararen arnasguneetako bat dela esan daiteke. Hala ere, gaztelera oso presente daukagu eta ez dugu tentsioa galdu behar. Oraindik lan asko dago egiteko euskararen normalizazio bidean».
Ekainaren 9an eginen den UEMA Egunean ofizialki Igantzi ere Mankomunitateko kide izanen da. Eta horrela 7 udal izanen dira eskualdean UEMAren barne. Zinegotziaren irudiko, «euskararen etorkizuna ziurtatuko badugu, ezinbestekoa da herri euskaldun guztiak elkartzea, bizirik mantentzea, eta euskararen arnasgune sendo bihurtzea. Ahalegin horretan ari da UEMA. Beraz, Mankomunitatean sartzera animatuko nituzke gainerako herriak. Zenbat eta herri gehiago, orduan eta indar haundiagoa izanen dugu». Goizuetari UEMAk egin dion ekarpen nagusiaz, berriz, zera azaldu digu: «UEMAk, batez ere, udaleko administrazio arloan euskaraz funtzionatzeko laguntza haundia ematen digu. 1993an UEMAn sartu ginenetik euskararen presentzia asko haunditu da Udalean».
Atzerako kontaketa hasia da, beraz. Gutxi gelditzen da egun haundirako eta honezkero, azken ukituak ematen ariko dira Goizuetan. Alaitz Eskuderok, bere aldetik, herritarrei UEMA Egunean kalera ateratzeko deia egin die: «Goizueta zerbait bada, herri euskalduna da eta Euskal Herri guztiari erakutsi behar diogu euskaraz aritzeaz gain, euskaraz bizi ere egin daitekeela. UEMA Eguna egun aproposa da horretarako». Eta goizuetar ez direnei ere egin die gonbidapena: «ospakizunez gain, aldarrikapenerako eguna izanen da eta ederki pasako dugu. Goizueta herri ttikia da, baina halakoetan haundi bihurtzen da. Egun polita antolatu dugu, eta seguru gaude egun indartsua izanen dela».
UEMA EGUNA
«Goizueta zerbait bada, herri euskalduna da eta Euskal Herri guztiari erakutsi behar diogu euskaraz aritzeaz gain, euskaraz bizi ere egin daitekeela»
Alaitz ESKUDERO
Goizuetako zinegotzia
EUSKARA ➜ UEMA-REN BARNE
Eskualdeko bertze udalerriekin batera UEMAn sartzea erabaki du Igantzik
Arantza, Areso, Bera, Etxalar, Goizueta eta Leitzako Udalak dira oraingoz UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean daudenak. Guztiek UEMAn sartzeko baldintza, hau da, biztanleen %70 euskalduna izatea, betetzen dute eta aldi berean, euskararen alde lan egiteko konpromisoa bere egina dute, baita UEMAren helburu nagusiak ere: udalerri euskaldunetan herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia euskaraz izan dadin bideak urratzea; udalerri euskaldun guztiek bat eginik euskara nagusi izanen den lurgunea osatzea eta udalerri euskaldunen garapen sozio-ekonomiko eta kulturala bultzatzea.
UEMA ofizialki 1991n sortu zen, baina 80ko hamarkadan eman zituen lehen urratsak, Euskal Herrian Euskaraz taldeak bultzatuta. 1991n hamalau udalekin hasi zen lanean, eta geroztik haundituz joan da 60tik goiti izateraino. Arantza 1995etik da UEMAko kide; Aresok 2008an erabaki zuen sartzea eta Berak eta Etxalarrek urtebete beranduago, 2009an. Goizueta eta Leitza izan ziren eskualdeko lehenbiziko udalerriak UEMAn sartzen, 1993an. Eta ekainaren 9ko UEMA Egunean, ofizialki Igantzi ere kide izanen da. Lesakak eta Baztanek ere UEMAn sartzeko aukera mahai gainean dute, nahiz eta oraindik ez duten behin betiko erabakirik hartu.
ARANTZA
«Euskararen normalizazioa lortzeko hagitz baliagarria da UEMA eta udaletxean euskaraz funtzionatzeko laguntzen du. Euskararen inguruan, atzerapausuak ez emateko ere ona da»
Jaime ITURRIA
ARESO
«UEMA euskararen normalizazioan aurrera egiteko oinarrizko tresna bat da. Areso UEMAn sartu zenetik aldaketa nabaritu da eta euskararen gaineko kontzientziazioan eragin du»
Ur ALGUERO
BERA
«Berako Udalak herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatuak izateko lan egiten du, eta UEMAn egoteak administrazioaren euskalduntzean aitzindariak izatea ahalbidetzen du»
Marisol TABERNA
ETXALAR
«Administrazioa euskalduntzeko prozesuan, UEMA tresna baliagarria da. Baina aldika Euskara Mankomunitatea eta UEMA uztartu behar direla ikusten dugu, denak bide berean ibiltzeko»
Miguel Mari IRIGOIEN
GOIZUETA
«Zoritxarrez, euskara zapaldua dago eta gure lurralde osoan euskara lehenbiziko hizkuntza izatea nahi badugu, UEMA eta Euskara Mankomunitatea bezalako tresnak beharrezkoak dira»
Pablo MIRANDA
LEITZA
«UEMA egitura garrantzitsua da, gehienbat euskararen normalizazioa bultzatzeko eta hortik, herri honen izatea onartu eta nahi duena izaten uzteko eskubidearen alde lan egiteko balio duelako»
Oier EIZMENDI
LOURDES IBARLUZEA, IGANTZIKO ALKATEA
«Euskararen normalizazioa gure herrian errealitatea bihurtzea nahi dugu»
«Talde bezala, gure helburu nagusietako bat euskara bultzatzea, babestea eta erabiltzea delako». Horregatik erabaki zuen Igantziko Udalak UEMAn sartzea. Joan den ekainean kargua hartu eta hilabete pare batera hasi ziren horretarako lanean. Tramitazioarekin, berriz, orain dela lau bat hilabete hasi ziren: «bilerak eginez, osoko bilkuran onartuz, jendeari informazioa helaraziz eta jendearen aitzinean erabakia paratuz», azaldu digute Lourdes Ibarluzea alkateak eta udal zinegotziek. Euren irudiko, «Igantzin orohar jendeak euskaraz badaki eta hitz egiten du. Hala ere, gaztelania gustatuko litzaigukeena baino gehiago entzuten da kalean».
UEMAn sartuta, «orain arte gehiena euskaraz egiten genuen, eta hemendik aitzinera dena euskaraz eginen dugu», diote Ibarluzeak eta zinegotziek. Gaineratu digutenez, «euskararen normalizazioa gure herrian errealitatea bihurtzea nahi dugu. Horretarako euskararen erabilpena bultzatuko dugu eta helburu hori lortzearren laguntzak bideratuko ditugu». Euskararen normalizaziorako «UEMAk laguntza haundia emanen digula» uste dute, «eta segitu beharreko bidea zein den zehaztuko digula. Noski, ezin dugu ahaztu gure ideia berdinak dituzten udalekin sortuko diren harreman eta lankidetza».
Baina euskararen normalizazioa lortzeko Udalak eta udal ordezkariek laguntza behar dutela ere adierazi dute: «ezinbertzekoa da herriaren partehartzea eta jendeak euskarak gure laguntza behar duela ulertzea bizirik jarraitu ahal izateko: Igantzi dela euskararen babes eremua».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!