Goizuetako herri krosa eginen da maiatzaren 27an

TTIPI TTAPA 2012ko maiatzaren 25a

Igande goizeko 10:30ean abiatuko dira txikienak eta 11:00etan proba nagusia

Aspaldiko partez, herri krosa antolatu du Goizuetako Umore Onak Elkarteak maiatzaren 27rako, igande goizerako.

Aspaldiko partez, herri krosa antolatu du Goizuetako Umore Onak Elkarteak maiatzaren 27rako, igande goizerako.

Denek izanen dute parte hartzeko aukera, txiki eta helduek. Igande goizeko 10:30ean hasiko dira txikienak, benjamin mailakoak (10 urte arteko neska-mutikoak) eta 800 metroko ibilbidea eginen dute. 10:45ean alebin, infantil eta kadete mailako korrikalariak aterako dira (11-15 urte artekoak) eta 1.800 metroko ibilbidea eginen dute eta 11:00etan emanen zaio irteera 16 urtetik gorakoen laisterketari. Helduen ibilbidea egiteko, garai bateko zirkuitua berreskuratuko da. Herria inguratuko du, plazatik atera eta bertan bukatuko da, erdia errepidetik eginen da eta beste erdia mendiko senda batzuetatik. Hiru kilometroko luzera du zirkuituak eta hiru itzuli egin beharko dira, bederatzi kilometro osatuz.

Laisterketaren inguruko informazio gehiago eta izena emateko www.kirolprobak.com webgunean egin daiteke. Izen-ematea orokorrean hamar euro gostako da, baina herritarrentzat zortzi euro eta egunean berean hamabortz euro.

Kanpotik datozen partaideentzat, antolakuntzak dutxak eta motxilak uzteko gunea prestatuko ditu. Gisa berean, parte hartzen dutenentzat opariak izanen dira eta zozketak ere eginen dira.

 

Sariak

Gizonezko eta emakumezkoetan, sailkapen orokorrean lehenengo hiru postuetan gelditzen direnek sariak izanen dituzte: lehenak txapela, bildotsa eta botil ardoa; bigarrenak bi txuleta eta botil ardoa eta hirugarrenak baserriko oilaskoa eta ardo botila. Horiez gain, helmugaratzen diren lehenengo gizonezko eta emakumezko goizuetarrek bakoitzak trofeoa, bildotsa eta botil ardoa hartuko dituzte.

Gogoan izan, Internetez aurretik eman daitekeela izena www.kirolprobak.com webgunean edo bestela, egun berean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun