«Euskaraz egindako musikatik bizitzea kasik ez da erreala»

Gurutze PIKABEA 2012ko maiatzaren 16a

Pantxo Etxebere eta Mikel Mujika amaiurtarrek osatzen dute Pottoka & Eskortz taldea. Gurutze Pikabea

Zaletasun soiletik haratago, badu Baztanek zer­­bait berezia musikarekin. Musika talde ­au­nitz sortu dira Baztanen eta horietan azkena Pantxo Etxebere Pottoka eta Mikel Mujika ­ Es­­kortz amaiurtarren lana da: Pottoka & Eskortz diskoa. Ez da Pottokaren lehenbizikoa, aspalditik baitabil mundu honetan. Bai, ordea, Mujikarena. Egindako lanarekin kontent, duela hiruzpalau aste bortz kantako la­na argitaratu zuten, eta dagoeneko aurkeztu ere egin dute, apirilaren 20an Andoainen. Diskoak Xorroxin Irratian paratu dituzte salgai.

 

Noiz eta nola sortu da taldea?

Gan den urtetik elkarrekin gabiltza. Biak gelditu eta kantak ahal bezain ongi prestatzen hasi ginen. Gerora, gra­batzeko­ momentua etorri zen eta horretan ibili gara. Duela­ hiruzpalau aste argitaratu genuen diskoa eta esperientzia polita izan da. Pottokak gitarra jo eta kantatu egiten du eta Mikelek gitarra, banjoa eta kantaren batean armonika eta ahots batzuk sartu. Diskoan, ahotserako Beñardo beratarra eta Morau hernaniarra ere fi­txatu genituen.

Zer aurkituko dugu diskoan?

Nahiko kanta lasaiak dira, soinu garbia dute eta folk estilo aldera jotzen dute. Bortz kanta dira eta bakoi­tzean gai bat lan­tzen da. Lehenbizikoa Nafarroaren Egune da, Baigorrin Nafarroaren Eguna egitean, Amaiurtik oinez joa­teko ohitura genuen eta egun horri buruz eginiko kanta da. Bigarrena San Jose lorea da, udaberrian lehenbizi sor­tzen den lorea­ri eskainia. Langabetuen filosofiak kan­tan, lanik gabe zaudenean zer pentsatzen duzun kontatzen da, dramarik egin gabe, ironiarekin. Bake Pipa kantan tabakoaren legeaz­ ari gara. Gu ohitu garen inguruko jendea beti erre­tzai­lea izan da, ostatu eta elkarteetan orain arte erre­tzen zen. Baina legeak aldatu dira eta kanta horrek debekatu aitzineko giro hura zein polita zen aipatzen du. Eta Mohawe hotela kanta da hondarrekoa. Eskualdun ar­tzainak Ipar Ameriketara joa­ten zirenean, Kaliforniako Mohawe desertura joa­ten ziren, eta han ez zuten deus ere izaten, denda txar batean lo egiten zuten eta izarren azpian. Eta kanta ho­netan konparazio bat egiten da, Mohawe ez ba­i­ta hotela, desertua bai­zik.

Non ekoitzi duzue diskoa?

Zizur Nagusiko MAV estudioetan grabatu, naha­si eta masterizatu dugu, Miguel Aizpun tekni­koa­rekin. Ber­tze estilo ba­tzuetako musikarekin ohitua dago [KOMArekin lan egin du] baina gustu­ra egon da gu­rekin­ eta lan polita egin du. Dis­ko­ arrunta da, askatasunez egina eta alde horretatik, disko freskoa gelditu­ da. Arras kontent gaude­.

Zer transmititu nahi duzue zuen musikarekin?

Gutienez ongi pasatu nahi dugu eta jendeak ere ongi pasatzen badu, ezin dugu gehiago eskatu. Jendeak zure musikarekin disfrutatzen duela ikustea sentsazio polita da.

Nola ikusten duzue taldearen etorkizuna?

Pausuz pausu joanen gara. Oraingoz, 500 disko atera ditugu eta salduko direnaren itxaropena dugu, baina denborarekin, ez dugu presarik. Norbaitek erosi nahi badu, Xorroxin Irratian paratu ditugu salgai eta kontzertuak emateko ere prest gaude.

Zein egoeratan ikusten duzue euskal musika?

Nondik begiratzen duzun, horren araberakoa da. Alderdi profesionaletik begiratzen baduzu, hortik bizitzea ezinezkoa da. Euskal Herria ttikia da eta musikatik bizitzea lauzpabortz taldek lortu dute. Musikatik eta gainera euskaraz egindako musikatik bizitzea kasik ez da errea­la. Eta ber­tzela, gu bezalako filoso­fiarekin har­tzen ahal da, bertze zerbaitetatik bizi eta musika afizio bezala hartuta. Halere, zein formatutan mugitzen zaren ere ikusi behar da. Gure forma­tuan, ostatu ttikietan ibil­tzen gara eta horrelako zerbait bideragarria izan daiteke, baina zerbait haundiagoan sartzea gaur egun zaila da.

 

HELBURUA

«Gutienez ongi pasatu nahi dugu eta jendeak ere ongi pasatzen ba­du, ezin dugu ge­hiago eskatu. Jendeak zure musikarekin disfruta­tzen duela ikustea sentsazio polita da».


MUSIKATIK BIZI?

«Euskal Herria ttikia da eta musikatik bizi­tzea lauzpabortz taldek lortu dute. Eta bertzela, gu bezalako filosofiarekin hartzen ahal da, bertze zerbaitetatik bizi eta musika afizio bezala hartuta».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun