Apirilaren 28an, larunbatean inauguratuko zuten ofizialki Goizuetako Zubimuxu aterpea. Goizuetako Udalak obran lagundu duten Nafarroako Gobernuko ordezkariak gonbidatu zituen, baita inguruetako herrietako udal ordezkariak eta aurreko legealdiko udal taldea, berak hasi baitzuen Zubimuxu berreskuratzeko proiektua.
Eguerdian luntxa eskaini zen eta Aurreskua dantzatu zen euripean, aterpearen atarian. Gero, aterpeko ataburuan ikurriñaz estalia zegoen egurrezko eskulana agertarazi eta aterpea ikusteko aukera ere izan zen. Nafarroako Gobernuko ordezkari Mari Carmen Oroz Iribarren izan zen, Turismo eta Komertzio Zuzendaritza Nagusiko Marketing zerbitzuen eta Turismo Produktuen Garapenerako arduraduna.
Irune Zabala goizuetarra da aterpetxearen kudeaketaz arduratuko dena eta berak erakutsi zizkien instalazioan udaleko eta Iruñeko ordezkariei. Udalak egindako deialdian bere eskaintza bakarrik aurkeztu zen eta oraingoz bost urterako esleitu zaio kudeaketa, luzatzeko aukerarekin, baina gehienez ere 20 urtera arte.
Bere garaian, garbiketarako labaderoa, nesken eskola eta irakasleen etxebizitza hartu zituen XVI. mendeko eraikinak, orain, turistak hartuko ditu. Zubimuxu Aterpeak 30 lagunentzako tokia du. Bi logeletan hamarna ohe eta bainugela dute, bertze logela batean sei ohe eta bainugela eta bi logelak ohe bikoitza daukate, elkarbanatutako oherarekin. Egongela, telebista, jangela (sukalderik gabe), hozkailua, mikrouhin labea, kafetera, garbitegia, ordenagailuak eta lorategia erabiltzeko aukera ere izanen dute aterpe hartzen dutenek. Aipatu, eraikina egokitu eta zaharberritzeko lanak 691.174,60 euro kosta direla, eta Nafarroako Gobernuak 414.704,76 euroko dirulaguntza eman duela.