Maiatzeko fiesta nagusiak prestatzen burubelarri dabil Gazte Asanblada: Txino auzoko fiestak. Ofizialki maiatzaren 5ean hasiko badira ere, Zubiondo tabernak bezperatik antolatu ditu ekitaldiak. Hala, ostiral ilunabarrean, maiatzak 4, bertsolariak izanen dira eta gauean mus txapelketa.
Larunbata izanen da egun nagusia. 11:00-11:30 aldera herriko neska-mutikoek dantza emanaldia eskainiko dute. 12:00etan txupinazoa botako da eta ondotik, auzoko frontoian pala partida mistoa jokatuko da, Txino auzoko bikote baten eta herriko beste bikote baten artean. Botilleroek koplaka emanen dizkiete aholkuak pilotariei. Eguerdian herri bazkaria eginen da eta arratsaldean umeentzako jokoak izanen dira. 18:00 aldera Arrabots taldearekin dantzako pausuak ikasi eta dantzatzeko aukera izanen da eta gauean, garajean, kontzertuak izanen dira.