Apirilaren 5ean hasi zen Goi Tentsioko Linearen aurkako Mendi Martxa Leitzatik, eta lau egunetako martxaren ondoren, igande goizean iritsi zen bere helmugara, Iruñeko Gaztelu plazara.
Mendi Martxa lau etapatan egin zen: lehen egunean Leitza, Gorriti eta Aldatz arteko bidea egin zen; ostiralean Aldatz, Jauntsarats eta Oskotz artekoa; larunbatean Oskotz, Añezkar eta Berrioplano arteko ibilbidea osatu zuten, eta igandean, azkenik, Iruñeko Gaztelu plazan amaitu zuten martxa elkarteratze batekin, REE S.A.-k Nafarroa eta Gipuzkoa artean egin nahi duen Goi Tentsioko Linea salatuz.
Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, Mendi Martxaren hasiera arrakastatsua izan zen, ehun lagun inguru bildu baitziren Leitzan, eta txistularien laguntzarekin abiatu ziren Gorriti aldera Areso ere zeharkatuz. Gorritin bazkaldu ondoren, martxak Aldatzerantz jo zuen eta bertara iluntzerako iritsi ziren. Han afaldu eta gaua pasatu zuten, hurrengo egunean Jauntsarats aldera abiatzeko indarrak bilduz.
Antolatzaileak gustura agertu dira Mendi Martxarekin, partehartzea altua izan baita, lau egunetan 500 bat pertsona bildu baitzituzten. Azkeneko egunean Iruñean egindako elkarteratzean ehun bat lagun bildu ziren.