Goi tentsioko linearen kontrako mendi martxaren lehen etapak Leitza eta Aldatz lotu ditu

TTIPI TTAPA 2012ko apirilaren 11

Aldatzera ailegatu eta bertan afaldu zuten. Pablo Feo

Ostegun Santu egunean euriari aurre egin zioten hainbat naturazalek

Goi tentsioko linearen aurkako plataformak deituta Ostegun Santu egunean Leitza eta Aldatz arteko ibilbidea osatu zuten hainbat natura eta mendi zalek.

Goi tentsioko linearen aurkako plataformak deituta Ostegun Santu egunean Leitza eta Aldatz arteko ibilbidea osatu zuten hainbat natura eta mendi zalek.

Leitzako Plazatik atera eta Sakulu eta Aresotik pasaz Gorritira joan ziren, frontoian bazkaltzeko. Bazkal ondoren, linea etorriko litzatekeen parajeetatik segitu zuen itzuliak, Gorriti eta Aldatz artean. Afaria ere izan zuten Aldatzeko Martintxone sagardotegian.

 

Proiektuaren nondik norakoak

Goi tentsioko linearen kontrako Leitzako Plataformak jakinarazi duenez, «2007az geroztik Red Eléctrica Española enpresa Castejonetik 400 kwoko goi tentsioko linea berri bat zabaldu nahian dabil. Hasierako proiektua, Castejón eta Gasteiz lotzeko zena, ingurumenari eragiten dion kaltearengatik eta bai Lizarraldean eta Araban sortutako kontrako jarrerarengatik Ingurugiro Sailak atzera bota zuen, 2010eko azaroaren 12ko BOE-n ageri den moduan».

Ondoren, R.E.E.ek hasierako proiektua ordezkatzera datorren beste aukera bat aurkeztu du. Asmo berri honek Arabako aukera baztertu eta Nafarroa Gipuzkoarekin lotzen du. Hain zuzen ere, ondorengo eskualdeak zeharka ditzake: Lizarraldea, Iruñerria, Sakana, edota Imotz, Basaburua, Larraun, Leitzaldea, Araitz eta Gipuzkoako Goierrialdea. Egitasmo berri honen eragin eremua Nafarroako 118 eta Gipuzkoako 48 herritara iristen da.

Proiektu honek ingurumenean eta herritarren osasunean batetik eta bestetik gure eskualdetako etorkineko garapen ekonomikoan izan dezakeen eragin kaltegarria dela medio, 191 herri eta kontzejuk aurkeztu dituzte alegazioak eta kontrako jarrera agertu dute. Udal eta kontzejuek bide administratiboa jorratu eta agortu eta gero, proiektu honek eragiten dien herrietako herritarrek goi tentsioko linea berri honen kontrako herri plataforma sortu dute. Leitzan ere talde bat hasi berria da lanean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun