«Ez dugu hitzik nola sentitzen garen adierazteko. Baina sentimenduak bizi egiten dira. Ikaragarria izan da». Halaxe esan du Bilgune Feministak Emakume Abertzaleen Topaketa Feministaren inguruan. Ez da gutxiagorako. Izan ere, 600 emakume elkartu ziren martxoaren 2tik 4rako topaketetan, eta hainbat gai lantzeko aukera izan zuten. Izandako erantzuna ikusita, Bilgune Feministak eskerrak eman nahi izan dizkie 10 urte hauetan bidelagun izan diren guztiei, topaketetara etorri zirenei eta bereziki Leitzako herriari: «feministoi horrelako harrera egiteagatik». Euskal Herriko Bilgune Feministatik topaketa hauei jarri zizkien helburuak «gainditu» direla adierazi dute, eta hori «hamar urte hauetan egindako lanari esker izan dela». Horrekin batera, gaineratu dute, «inoiz baino aukera gehiago dugula eraldaketa errotik egiteko eta Euskal Herria feminista eraikitzeko». Martxoaren 29an kalean izanen direla ere jakinarazi dute. Bestalde, aipatu, martxoren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunean kontzentrazioa egin zela herrian eta 25 lagun bildu zirela.