Udaleko jardueretan sortzen den CO2a %20 murrizteko konpromisoa hartu zuen Udalak martxoaren 12ko batzarrean. Oraingo gizartean, eguneroko bizitzan energia asko kontsumitzen dugu. Energia hau sortzeko CO2 isurketak izaten dira, gure ingurugiroari kalte eginez.
Hausnarketa bat egin ondoren, Udalak 2011n sortu zuen CO2 aztarna kalkulatu du. Horretarako Lurgeroa enpresak inbentario bat egin zuen Udaleko eraikin guztiak, ibilgailuak, lan-tresnak, eta herriko argiteriko kontsumoak kontutan hartuz. IPPCko irizpideak jarraituz, bai erregaiak, eta bai elektrizitatea, berogailuak, hozkailuak ere… Horrela jakin da 169,34 tona CO2 sortu zituela iaz.
Orain, kalkulua eginda, Udalaren asmoa, bere jardueren ondorioz sortzen den isurketa murriztea da. Horretarako, kontsumo arduratsu bat egin nahi du, neurri zuzentzaileak hartuz, aurreztea eta efizientzia bultzatuz, energi berriztagarriak martxan jarriz. Ingurugiroan inbertituz, 2020rako %20 bat CO2 aztarna jeistea da helburua.
Lantegiekin elkarlanean sentsibilizazio kanpaina ere jarri nahi da abian. Gero, herriko etxeetan bakoitzak sortzen duen aztarna hori kalkulatzeko baliabideak jarri eta neurri zuzentzaileak martxan jarri ahalko ditu nahi duenak. Gero eta kalte gutxiago egingo duen gizartea eraikitzea izanen da erronka. Honekin guztiarekin Kiotoko protokoloa betetzeko lanari ekin zaio.