Aldizkari hau etxeetara banatzerako jakina izanen da nor arduratuko den Zubimuxu aterpearen kudeaketaz. Udalak joan den ostiralean hartzekoa zuen erabakia, baina lerro hauek idazterakoan ezin izan zen jakin.
Udalaren asmoa, aterpea Aste Santurako irekia egotea da. Eta Udalak bere aldetik egin beharrekoa Aste Santu aurretik prest utziko duela adierazi digu Pablo Miranda alkateak, lehiaketa irabazi duenak, nahi izanez gero, irekitzeko aukera izan dezan.
Ordenantza berria
Herritarren partehartzea arautzeko ordenantza berri batekin lanean ere ari da Udala. Oraindik prestatzen ari dira eta honen inguruko xehetasunak jakin ahala, ematen joanen gara.
Aurrekontua eta eragileekin bilerak
Udalak martxoaren 27ko bilkuran onartuko du aurtengo aurrekontua. Eta aurrekontuaren harira, eta eragile bakoitzarekin lan irizpideak zehazteko, herri mugimenduan ari diren eragileekin bilerak egiten hasi da Udala. Eragile bakoitzarekin banaka bilduko da Udala, «aurrekontuak herritarrei hurbiltzeko eta koordinazioa edo lan irizpideak markatzeko». Halaxe esan digu Pablo Miranda alkateak. Asteotan bilduko dira.
Abeltzainekin bilera
Udalak deituta, 60 abeltzain elkartu ziren hilabete hasieran herrilurren aprobetxamenduko ordenantza berriaz hitz egiteko.