Leitza, Arano, Areso eta Goizuetako emakumezkoen eskaerak ezagutzeko asmoz, Emakume Batzordea sortu da berriki. Aurten eskualdean lanean hasi den berdintasun teknikariarekin batera, udaleko berdintasun zinegotzia, Bilgune Feministako kide bat eta iaz Bilgune Feministak eta LABek egindako kanpainari esker Sarriopapelen lan egiten duen emakume bat elkartu dira batzorde honetan, eta dagoeneko hasiak dira lanean, emakumeen formakuntza bultzatzeko kanpaina jarri baitute martxan.
Batzordetik azaldu dutenez, «zonaldeko emakumezkoen nahi, interes eta beharrak jakitea dute helburu». Izan ere, beraien irudiko, «batzuetan formakuntzari ez zaio behar besteko garrantzia ematen eta gutxiago adin batetik aurrera. Emakumeak formatzeak duen garrantziaz ohartarazi nahi ditugu, bai lan munduari begira eta bai aberastasun pertsonalerako ere. Formatzeak gure bizitza pertsonalean lagunduko digu, gure baliabideak zabaltzen eta gure buruak baloratzen ere. Honetaz aparte, uste dugu lan munduan sartzeko ere tresna baliagarria dela».
Hilabete honetan formatzeko interesa edota beharra duten emakumeei izena emateko aukera emanen zaie. Interesatuek 948 510840ra dei dezakete edo emakume. batzordea@gmail.com-era idatzi. Izena ematerakoan beraien formakuntza maila eta interesak adierazi beharko dituzte eta behin apuntatzeko epea amaitzean, Emakume Batzordeak datuak aztertuko ditu. Horren arabera, taldeak osatu eta formakuntza bideratuko du, «tailerrak, ikastaroak edo dena delakoak antolatuz».
Jatorria
2011ko udaberrian LABek eta Bilgune Feministak Sarriopapel lantegian emakumeak kontratatzeko egin zuten kanpainari lotuta, aurtengo urtarrilean honen baloraziorako batzar bat deitu zen, eta han ikusi zen formatzearen beharra. Batzordekoen hitzetan, «balorazio horretan argi geratu zen egindako kanpainaren garrantzia, eskualdeko emakumeek inguruan lan egiteko duten nahia eta beharra ondorioztatu baitzen». Aldi berean, «eskualdean emakume asko langabezian edota lan prekarioetan ari direla» ikusi zuten, «eskualdean prekarietateak bereziki emakume aurpegia duela».