Hilabeteko lanen ondotik, prest dago Zubimuxu aterpea. Bere garaian, garbiketarako labaderoa, nesken eskola eta irakasleen etxebizitza hartu zituen XVI. mendeko eraikinak, orain, turistak hartuko ditu. Luze gabe, gainera, Udalak aterpea alokairu bidez kudeatzeko prozedura irekia zabaldu baitu. Ostiral honetan, martxoak 9, bukatuko da eskaintzak aurkezteko epea, 12:30ean. Interesatuek udal idazkaritzara jo beharko dute eta han egonen dira administrazio-baldintza partikularren plegua eta gainerako agiriak ere.
Hasiera batean, bost urterako kontratua izanen da, baina bosna urteko epeetan luzatu ahalko da, gehienez ere hogei urte egin arte. 96.000 euroko balio estimatua kalkulatu da.
Aterpeak 30 lagunentzako tokia izanen du, bi logeletan dauden hamar oherekin. Aipatu, eraikina egokitu eta zaharberritzeko lanak 691.174,60 euro kosta direla, eta Nafarroako Gobernuak 414.704,76 euroko dirulaguntza eman duela.
Atzera begira
Historia luzea du atzean Zubimuxuk eta bere garaian honela azaldu zuen Jose Jabier Etxeberriak TTIPI-TTAPAn: «Goizuetako Udalak 1904. urtean Zibolako nagusiari, Bizconde del Cerro jaunari, Zubimuxu etxea erosi zion 1750 pezetetan, behean labaderoa, aurreneko pisuan nesken eskola eta goian maisu-maistren etxebizitza egiteko. Goikoiturriko errekan presatxoa egin eta 1908an ekarri zuten ura. (...) Pentsa labadero honek garai hartako emakumeei nolako aurrerapena eta erosotasuna ekarriko zien! Ordura arte erreka bazter batean edo urrutiko labadero ttiki haietan garbitu behar izaten baitzuten arropa, eta ez honelako toki eroso eta estalian. Bai, zerbitzu ederra eman dio herriari 1980 aldera arte. Hala ere, batek edo bestek segitu zuen hona etortzen (...) Errematea izan zuen arte, Goikoitturri inguruan pista egiterakoan ur hodiak urratu eta urik gabe gelditzean. Geroztik, biltegi gisa erabili zen, 2007an auzolanean berriro martxan paratu zen arte».