600 bat emakumek parte hartu dute asteburuan Leitzan asteburuan egin diren Emakume Abertzaleon V. Topaketa Feministetan. Leitzaldeko Bilgune Feministak jarritako helburu guziak gainditu dituela dio.
Ostiral gauean, Anari eta Napoka Iriakoekin gaubela goxoa izan eta gau hotz xamarra pasa ondoren iritsi zen bigarren eguna. Larunbat goizeko mahai inguru eta tailerretako emaitzak berriz, ezin hobeak izan dira. Mahai inguru nagusian, eredu ekonomiko eta sozial eraikitze bidean eman beharreko urratsez aritu ziren. Zehazki, planteamendu desberdinak entzuteko aukera izan dugu, lanerako erronkak eta gakoak zein izan diren eta izango diren jorratuz.
Amaia Perez de Orozkok bizitzaren bizigarritasunaz, hau da, kalitateaz, eta hau kudeatzeko beharreko egitura eta baliabideez hausnartu zuen. Yolanda Jubetok, zehazkiago Euskal Herrian zentratu eta azken urteetako bilakaeraz aritu eta bertan eman diren pauso zein hausnarketak ekarri zituen. Azkenik, Miren Lizasoain elikadura subirautzaz mintzatu zen. Nekazal politiken inguruko planteamenduen berri emanez, iraunkortasun sozial eta ekologikoaren begirada landu zuen. Lizasoain kontsumo talde eta kooperatiben sustatzailea da, eta Euskal Herrian bertan erronka nagusiak izan daitezkeenak eta alternatiben berri eman zuen.
Igandeko mahainguruan hiru bilgune kideren interbentzioa izan zen: Amaia Andreu, Izaskun Guarrotxena eta Miren Aranguren. Mahai inguruaren helburuaren oinarriak orain arteko ibilbidea, euskal emakumeon egoera eta berriki ireki zaigun testuinguru politikoa izan dira. Helburua etorkizunera begira Euskal Herria feminista eraikitzeko estrategia finkatzea izan da.
Bukaera ekitaldia
10 urteko ibilbidearen inguruko bideo baten ondotik, dantza eta poesiaz osatutako lan artistiko batez gozatu zuten emakume abertzaleek. Ondoren, Rosa Iriarte, bilguneko kide eta preso politikoaren topaketarako ekarpena jaso zuten. Jarraian, Miren Aranguren eta Saioa Iraolak hartu zuten hitza Topaketen balantzea egiteko.
Leitzako Topaketak posible egin dituzten lagun eta herritarrei eskerrak emanez hasi du interbentzioa. Orain hamaika urte Bilgune feminista sortzeko konpromiso adoretsua hartu zutenei ere aipamen berezia egin zaie «Leitzan egun hauetan bizi duguna zuei esker delako». Hamar urteren buruan Topaketetako partaide kopurua bikoiztea lortu da. 600 emakume inguru bildu dira egunotan. Arangurenen hitzetan, honek erakusten borroka feminista bizirik eta osasunez dagoela eta Euskal Herriaren eraikuntzarako ezinbestekoa dela. Eskerrak eman dizkie, baita, nazioartetik etorritako lagunei: Elkarrekin ikasten jarraitzea plazera izan dela aipatu du.
Euskal Herriko Bilgune feministak Topaketa hauei jarritako helburuak guztiz gaindituak izan dira. Aurreikuspen guztiak hausteaz gain, Euskal Herriko feminista sarearen ordezkaritza zabala izan da bertan.