Emakume Abertzaleen V. Topaketa Feministak Leitzan eginen dira

TTIPI TTAPA 2012ko martxoaren 2a

Mahainguruak, tailerrak eta bertze hainbat ekitaldi izanen dira asteburuan Leitzan. Artxiboko argazkia

Martxoaren 2tik 4ra hainbat ekitaldi izanen dira

Emakume Abertzaleen bosgarren Topaketa Feministak Leitzan eginen dira martxoaren 2tik 4ra, ostiraletik igandera, Euskal Herriko Bilgune Feministak antolatuta. Baina aldi honetakoa berezia izanen da, Bilgune Feministak hamar urte beteko baititu aurten.

Emakume Abertzaleen bosgarren Topaketa Feministak Leitzan eginen dira martxoaren 2tik 4ra, ostiraletik igandera, Euskal Herriko Bilgune Feministak antolatuta. Baina aldi honetakoa berezia izanen da, Bilgune Feministak hamar urte beteko baititu aurten. Martxoaren 2ko arratsaldean hasiko dira ekitaldiak eta hiru egunez, gai asko jarriko dira mahai gainean: prozesu demokratikoa eta emakumeen hitza, elikadura subirautza, emakume presoak, zaintza, osasuna, prostituzioa, autodefentsa feminista, hezkidetza... Horiez gain, ez da otordurik eta festa girorik faltako.

 

Izen-ematea eta egitaraua

Topaketa hauetan parte hartzeko, zabalik dago izena emateko epea. 2012topaketafeministak.wordpress.com webgunean egin behar da.

Egitarauari dagokionez, martxoaren 2an, ostiral arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara izen-ematea eginen da zineman. 18:00etatik 20:00etara mahai-inguru nagusia eta eztabaida eginen da, “Prozesu demokratikoa eta emakumeon hitza: han eta hemen” izenburupean. Nazioarteko esperientziak ezagutu eta gurean fintzeko tartea eskainiko dute eta bertan izanen dira hizlari Rawda Saleem Ode (Palestinako Frenteko kidea), Jennifer MacCain (Ipar Irlandako Sinn Feinekoa) eta El Salvadorreko Gloria Guzman. 20:00etatik 02:00etara afaria eta emanaldi akustikoa izanen da.

Martxoaren 3an, larunbatarekin, 09:30ean izen ematea eginen da zinean. 10:00etatik 12:00etara mahai-inguru nagusia: “Eredu ekonomiko eta sozial feminista eraikitze bidean; gaurdanik, urratsak emanez”. Eguerditik aurrera, eztabaida tailerrak eginen dira, zaintza, elikadura subirautza, osasuna, prostituzioa edo emakume presoak hizpide hartuta. Autodefentsa feminista tailerra eman eta dinamizatzera Alemaniatik eta Bartzelonatik etorriko dira. Bazkariaren ondotik, esparru anitzetako jardun feminista ezagutzeko tailer ezberdinak izanen dira aukeran. 20:00etatik 04:00etara afaria eta festa Atekabeltz herrigunean, antzerkia, kontzertua, dj-ak eta bertze ikuskizunekin.

Martxoaren 4an, igande goizeko 09:30eko izen ematearen ondotik, 10:00etatik 12:00etara “Independentzia dugu bidea, eta helburua: Euskal Herria feminista” izenburupean mahaingurua eginen da. 12:00etatik 13:00etara ondorioen kontaketa eginen da eta ekitaldia.

Egunero, Emakume Abertzaleen Topaketa Feminista hauetan eginen denaren berri emanen da 2012topaketafeministak.wordpress.com helbidean eta baita, topatu.info webgunean eginen den jarraipen berezian ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun