«Emakumeon eskubideen aitortza lortzeko une garrantzitsuan gaude»

Gurutze PIKABEA 2012ko otsailaren 22a

Saioa Iraola Urkiola, Emakume Abertzaleon V. Topaketa Feministak-eko kartela eskuetan. Gurutze Pikabea

Euskal Herriko Bilgune Feministaren 10. urteu­rrena gogoan, Emakume Abertzaleon V. Topa­ke­ta Feministak Leitzan eginen dira, martxoaren 2tik 4ra. Euskal Herriko hainbat txokotako 400 emakume espero dira, eta par­te har­tzeko gonbitea luzatu dute, de­nak ongietorriak dire­la esa­­nez: amonak, amak­, gazteak, helduak, zain­tzai­leak, ba­se­rritarrak, etxeko langileak... «Gu­re es­ku­bi­deen aldeko borrokan ba­karrik ez gau­dela sentitzeko eta ba­koi­­tzaren hi­tza ga­rrantzitsua dela» oroitarazi dute. Datu ge­hiago: 2012topaketafeministak.wordpress.com.

 

2002an sortu zen Euskal Herriko Bilgune Feminista. Hamar urte pasatu dira, eta nolako balorazioa eginen zenuke?

Ba oso balantze positiboa egiten dugu. Egia da emakumeen egoera ez dela asko aldatu eta zenbait eremuetan atzera egin dugula esan dezakegula; baina borroka feminista asko indartu denaren sentsazioa daukagu guk. Bilgune Feminista gisa asko hazi gara norabide guztietan eta horrek aurrera jarraitzeko indar asko ematen digu, gure proiektuak geroz eta babes gehiago daukala ikusteak. Mugimendu indartsua behar dugu zapalkuntza patriarkalarekin bukatzeko eta bide horretan gaude.

Emakumeen eskubideak aldarrikatzearen alde lan egin du Bilgune Feministak. Baina zer aldatu da hamar urte hauetan? Hasierako erronka berdinekin segitzen du Bilguneak?

Zoritxarrez hasieran genituen helburu berdinak ditugu, oraindik ez baitugu nahi dugun herri feminista hori eraiki. Baina aurrera begira eta gaur egungo testuingurua oinarri hartuta erronka handiak bezain interesgarriak ditugu. Euskal Herrian dagoen egoerak aukera berriak irekitzen dizkigu herritarroi orokorrean eta zehazki emakumeei, prozesu demokratiko bat abiatzeak gure bizi baldintzetan eta gure etorkizunean hobekuntzak ekarriko baititu. Gure eskubideen aitortza eta bermea lortzeko bidegurutzean gaude. Zein da gaur egungo egoera? Krisi sistemikoak emakumeak egoera erabat prekarioan kokatzen gaitu eta azken urteetan lortu diren hainbat eskubide eta eman diren aurrera pausoak arriskuan daude. Prekarietatea da gure bizitzak ezaugarritzeko erabiliko genukeen terminoa. Baina era berean, Euskal Herrian bizi dugun egoera soziopolitiko honek ateak irekitzen dizkio borroka feministari. Gure eskubideen aitortza lortzeko momentu oso garrantzitsuan gaude, horrek emango duelako aukera eskubide horiek bermatzeko. Dena den guk eskubideen bermea errotik emango den aldaketa sozial eta politikoarekin lotzen dugu.

Aitzinera begira, zein izanen da Bilgune Feministaren helburu nagusia?

Gure jardunaren oinarria emakumeen eskubideen aldeko borroka izan da, eta berau, egoeraren arabera modu anitzetara egokitu izan dugu. Euskal herria feminista bat eraikitzea da gure helburu gorena, baina horretarako, ezinbesteko pausuak eman beharra dira: emakumeok, subjektu politikoetan bilakatu behar dugu; hau da, arlo anitzetan eragiteko eragiletza izan behar dugu: politikan, etxean, kalean, komunikabideetan, hezkuntzan…Honela soilik lortuko baitugu dagozkigun eskubideen bermea, eta era honetan, emakumeon bizi baldintzak hobetzea.

Zuen jarduera feministak emakume gazteengan eragin nabarmenagoa duela erran izan duzue. Zure ustez, zergatik gertatzen da hori?

Honela, gure jardunean emakume kolektibo desberdinetara heldu gara urteotan zehar: gazteak, langileak, ikasleak, etorkinak... Baina bereziki emakume gazteak eta ikasleak bilakatu dira eragile feminista garrantzitsuan. Beraz, garrantzitsua ikusten dugu aurrera begira, bestelako emakume sektoreekin batzea, hitz egitea eta euren aldarrikapenei tarte gehiago egitea: adibidez, baserritarrei, zaintzaileei edo etorkinei. Zergatik? Ba hau, berehalakotasunak, emakumeok ditugun lan karga ikaragarriekin, militantzia ereduan izan diren aldaketekin, jardunaren nolakotasunekin… loturik dagoela uste dut.

Alor aunitzetan egin du lan Bilgune Feministak, baina zeinetan aitzineratu da gehien eta zeinetan guttien?

Urte hauetan, ideologikoki aurrerapauso garrantzitsuak eman ditugu eta ekoizpen propioek indarra hartu dute. Pixkanaka, diskurtsoak sortu eta garatzeaz gain, aniztasuna ezaugarri duten proiektuak jarri ditugu martxan: Hezkidetza Gida, Autodefentsa Txokoak, Duintasunerako Premisak, Emakumeok Plazara e.a. eta guzti honetarako, euskal feminismoan jarduten duten emakume askoren laguntza izan dugu. Eskerrik asko! Hau honela izateak ahalbidetu digu mugimendu feministan, eragileen artean zein emakumeen artean ere Bilgune Feminista eta bilgune kideon jarduna erreferente izatea. Feminismoan aritzen garen eragile moduan bereizi egiten duen sarearen funtzionamenduan sakondu dugu, nolabait, gure lan estiloa eta konpromisoak hartzeko era anitzek emakume askorengana heltzea ahalbideratu digu. Eta honetan jarraituko dugu!

Leitzaldean ere, Bilgune Feministaren lanari esker gauza aunitz lortu dira, hortxe daude Sarriorako curriculum bilketa, adibidez eta ondorengo kontratazioa. Nola ikusten duzu emakumearen egoera Leitzaldean?

Bai, Bilgune Feminista eta LABek elkarlanean emakumeok Sarriopapelen sarbidetik 20 urtetan zehar jasan dugun diskriminazioari aurre egiteko, urteak daramatzagu lanean. Aurten, curriculum bilketa egin genuen, bertan herriko 60 emakumeren curriculumak entregatu genituen; eta bere emaitzak eman ditu, baina azti segiko dugu begira, kontratazioetan hemendik aurrera egingo diren kontratuen inguruan. Leitzaldeko emakumeon egoera? Ba egoera desberdinak daude; ez da berdina herrian jaiotakoa izatea, migrantea zaren, lesbiana… azkenean, norberaren bizitzan zeharkatzen dituen klase, kultura, sexu identitateak, adinak…eragiten digu. Bestalde, Leitza oso herri tradizionala da, tradizioa, ohiturei balio haundia esleitzen zaie, nahiz eta hauek emakumeon eskubideak urratzen dituzten. Lanari dagokionean, oraindik egun, emakumeok egiten ditugun lanak oso balorazio eskasa dute: baserriko lanak, zaintza lanak, etxeko lanak… eta hau pixkanaka aldatzea espero dudan arren, hezkuntzan erroko aldfaketak ematea ezinbestekoa da. Bestelako balio sistema baten aldeko apustuia egitea ezinbestekoa da jendartea osatzen dugun pertsona guztiek bizitza duinagoak izan ditzagun. Eta enpleguari dagokionean, berriz, egoera eskasa da herrian, emakume gehienak zaintza lanetan edo 3.s ektorean ari gara lanean; baldintza prekarioenetan eta onespen gutxiko lanetan. Sarrion egin zen borrokak eman dituen emaitzek esperantza txiki bat ireki dute, 2. sektorean lana egiteko; baina, argi esan nahi dut, hau emakumeok elkarlanean, eta borrokak emango gaituela helburu hauek lortzera, zerutik ez dizkigute lan eskaintza eskainiko!

Sistema patriarkala eraistea hurbil edo urruti ikusten duzu?

Bufff hurbil esaten dut, nahiz eta batzuetan bajoiak ematen didan. Sistema patriarkala ez baitu bakarrik funtzionatzen, bidelagun ditu: ekonomia eredua (neoliberalismoa), eliza, komunikabideak, balioen sistema oso bat, hezkuntza eredua…

2001ean Leitzan egin ziren Topaketa Feministak eta aurten berriz. Zergatik Leitza?

Ba Nafarroan egin nahi genituen Topaketa Feminista hauek, eta aukera ezin hobea dela uste dugu, hamar urte igaro ondoren, Euskal herria feminista eraikitzeko bide honetan, berriro ere Leitzara etortzea, egun, hamar urtetako lana, esfortzua, borrokak ahalbidetu digun estrategia feministaz eztabaidatzea eta hamar urte ondoren feministon eskaintza politikoa berresteko gunea dela deritzogu. Gainera, Leitzan, azpiegitura, parte-hartzea, lanerako elkarkidetza… handia dira, eta erraztasun horiek aprobetxatu nahi genituen.

Hamaika egiteko ari gara izan da aukeratutako leloa. Azalduko zenuke?

“Hamaika egiteko ari gara”; hamaika ikusteko jaio gara dio esaera zaharrak, baina guk hamaika egiteko ARI garela diogu. Sare anitz eta era askotarikoak elikatzen jardun gara hamar urte hauetan. Hamar urte eta hamaika esku. Hamar urte eta hamaika bihotz. Hamar urte eta hamaika irribarre eta malko. Hamar urte eta oraindik hamaika proiektu egiteko. Hamar urtez aritu gara, eta orain, hamaika egiteko ari gara.

Zein egoeratan ospatuko duzue 10. urteurrena?

Ezin dugu ukatu momentu klabe batean gaudela. Zapalkuntzari aurre egiteko beharraz gain, aukera berriak ireki baitira Euskal Herrian. Aldaketa sozial eta politikorako aliantza berriak sortu dira eta aliantzaz gain zenbait eragile politikoek hartutako erabakiek prozesu demokratiko bat abiatzeko baldintzak inoiz baino argiagoak jarri dituzte. Gernikako akordioaren izenpetze zabalak, “ezkerretik eraiki” akordio estrategikoak eta gerora sortu zen Bildu koalizioaren hauteskundeetako emaitza garrantzitsuak, Aieteko bake konferentziak, ETA erakundearen azken adierazpenak zein konponbidearen aldeko herritarren aldarrikapenak ate berriak ireki dizkio Euskal Herriko eta euskal herritarron etorkizunari. Hiru elementu berri hauek eta aldaketa sozial eta politikorako dagoen premiak, momentu hau giltzarri bilakatzen dute. Feminismotik ezin dugu beste aldera begiratu, erantzun sendo bat emateko momentua da, feministen arteko aliantza, akordio eta lankidetzak inoiz baino garrantzi gehiago hartzen du.

Zenbat jende espero duzue topaketetan?

Aurreko topaketei begiratuz gero, urtez urte kopuruak 300-400 emakume ingurun kokatu dira; eta aurten, emakumeak gogotsu gaudela entzun dugu Euskal herriko toki desberdinetan, beraz, topaketa guztietan zehar 400 emakume inguru elkartuko garela aurreikusten dugu.

Nolako erantzuna izan dute topaketek egin diren aldietan?

Erantzuna oso ona izan da, kontuan hartu behar dugu topaketa hauek, betiere, errealitate soziopolitikoari erantzutera, egoeraren inguruko hausnarketak eta eztabaidak egitera bideratuta daudela eta aurtengoak ere hala izango dira.

Zer erranen zenieke elkarrizketa hau irakurriko duten emakumezkoei?

Animatzeko martxoaren 2an, 3an eta 4an leitzara etortzea! Parte-hartzeko era anitzak daudela, denak direla ongi etorriak amonak, amak, gazteak, helduak, zaintzaileak, baserritarrak, etxeko langileak… Izugarrizko txutea izaten direla topaketa hauek, eta gure eskubideen aldeko borrokan bakarrik ez gaudela sentitzeko eta gutako bakoitzaren hitza garrantzitsua dela adieraziko nieke.


MOMENTU ERABAKIORRA

«Gernikako akordioaren izenpetze zabalak, Ezkerretik eraiki akordio estrategikoak eta Bildu-ren emai­tza ga­rran­tzitsuak, Aie­­teko ba­ke konferentziak, ETA­ren azken adierazpenak zein konponbidearen alde herritarren aldarrikapenak ate be­rriak ireki dizkio Eus­­kal Herriko eta eus­­kal he­rri­tarron etorkizunari. Ho­riek eta al­daketa sozial eta politikorako premiak une hau gil­tza­­rri bilakatzen dute. Fe­mi­nismotik ezin du­gu bes­te aldera begiratu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun