Leitzatik Areso aldera, goi tensioko linea pasa nahi du Red Eléctrica de Españak (REE S.A.). Hori da behintzat aztertzen ari den bideetako bat. Erasote auzotik Gorritteneko belatsorotik barrena Guratz zeharkatuz Aresora. Castejondik abiatu eta Ezkiora (Gipuzkoa) joanen litzateke linea. Goi tentsioko lineak 400 kV-ko tentsioa izanen du, 120 kmko luzera eta bere eragin eremuan 166 udalerri hartzen ditu, 118 Nafarroan eta 48 Gipuzkoan. Linea honen dimentsioak hurrengoak dira: 42/46 metroko altuerako dorreak –kasu batzuetan 81koak–, bata bestearengandik 400/500 metrora, lau ormigoizko oinarriekin eutsiak, beraien artean 5,90 eta 10,14 metrora daudela.
Bere inguruan (500 metro alde bakoitzera) zuhaitz guztiak bota eta berriak landatzea edota etxe eta industria azpiegiturak eraikitzea debekatuta geratuko litzateke. Azken datu honi dagokionez, aipatzekoa da, aurkeztutako alternatiben artean gehiengoak ez duela baldintza hau betetzen, hau da, 500 metro baino gutxiagora herri eremuak aurkitzea. Proiektu honek gure herriari, eta gainontzekoei, ez dio inolako onura sozioekonomikorik ekarriko, baina ingurumen eta osasun aldetik ondorioak oso kaltegarriak izan daitezke, kutsadura elektromagnetikoa dela eta, eta ingurumen aldetik gure basoak eta mendiak txikituz. Horrela azaldu zuten otsailaren 2an udaletxean egin zen bileran. Horregatik, linea honek ekarriko dituen arazoez kontzientziatzeko, lantaldea osatuko da herrian, egitasmoaren aurka presioa egiteko eta jendea kontzientziatzeko. Martxoaren 7an beste bilera bat deitu da herrian autopista elektrikoaren aurkako plataforma osatzeko.