Manuel Lasarte bertsolaria hil da

TTIPI TTAPA 2012ko ots. 13a, 11:15

Manuel Lasarte bertsolaria, berari buruzko erakusketa batean. Artxiboko argazkia

1927an Leitzan jaiotako bertsolari eta idazlearen aldeko hileta elizkizuna astelehen arratsaldean eginen da Orion

Manuel Lasarte Arribillaga, Leitzan sortutako euskal bertsolari eta idazlea hil da otsailaren 12an Aretxabaletan. Haren aldeko hileta elizkizunak otsaialren 13an, astelehen arratsaldeko 19:30ean eginen dituzte Orioko San Nikolas parrokian.

Manuel Lasarte Arribillaga, Leitzan sortutako euskal bertsolari eta idazlea hil da otsailaren 12an Aretxabaletan. Haren aldeko hileta elizkizunak otsaialren 13an, astelehen arratsaldeko 19:30ean eginen dituzte Orioko San Nikolas parrokian.

Leitzako Franki baserrian jaio zen 1927an eta 40 urte inguru eman zituen plazaz plaza.

 Hamabi urte zituela Aiara joan zen bizitzera, eta Oriora gero. Errementaria zen bizibidez eta hemezortzi urte zituela hasi zen bertsotan Baserri eta Uztapiderekin. Errima biribila, hots kidetasun gozoa eta bertsoa neurtzen zehaztasun handikoa izan da Lasarte.

Bi liburu idatzi zituen bertso jarri eta bat-batekoekin: Bertso-mordoxka (1970), eta Gordean neuzkanak (1975). Aldi berean, egunkarietako artikuluak bildu eta argitara eman zituen Beranduko lanak (1992) izenburupean.

Argitaratu zituen beste lan batzuk hauek dira: Enbor zarraren ezpalak (1995), Kantuaren ordainez (1997), eta Lazkao Txiki gogoan (1995) eta Uztapide gogoan (1999), bertsotan luzaro berarekin ibilitako bi lagunen omenez idatziak azken biak.

1971n Bertsolari Egunean omendu zuten —orain Bertso Eguna izenarekin ezagutzen denean—. 2006ko Bertso Egunean 60ko hamarkadan hasitako bertsolariak omendu zituzten; tartean, Lasarte bera. Hamarkada hartan, Uztapide eta Basarrik zabaldutako bidetik segitu zuten Lasartek, Joxe Lizasok, Joxe Agirrek, Imanol Lazkanok, Lazkao Txikik, Mattinek, Xalbadorrek, Jon Azpillagak, Jon Lopategik eta bertze hainbertzek.

Txikitatik Gipuzkoan bizi baldin bazen ere, sorterrian ez zuten ahazteko Lasarte eta bere omenez kale bati Manuel Lasarte izena jarria diote Leitzan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun