Plazaolak etorkizuneko proiektuak aurkeztu ditu Fiturren

TTIPI TTAPA 2012ko ots. 8a, 15:56

Plazaolako natur bidearen etorkizuneko proiektuak jakinarazi ditu berriki Plazaolako Turismo Partzuergoak Fitu­rren, Madrilgo Nazioarte­ko Turismo Azo­­kan. Pla­zaolaren izenean, par­tzuergoko presidentea eta Leitzako alka­teordea den Aitor Etxa­rrik eta Maitena Ezkutari kudeatzaileak hitz egin zuten.

Plazaolako natur bidearen hasierak aipa­tzeaz gain, gaur egungo egoera azaldu zuten, hau da, eginda­ko azken zatiari esker nola dauden Mugiro (Lekunberri) eta Andoain (Gipuzkoa) arte­ko 44 kilometroak; eta Ui­tzi­ko tunela, 2011n bukatutakoa. 2,7 kilome­troko tunel horren ibilbidea egitera ere animatu zuten jendea, «abentura­rako aukera ematen duelako eta bidearen gainon­tzeko zatiekin duen kontrasteagatik: kobazu­lo bat zeharkatzearen sen­tsazio berbera da, baina argiekin».

Garatzen ari diren proiektuei dagokienez, Mugiro eta Irurtzun artean dagoen Imozko zatia­ren lanak egiten ari dira Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak finantzatuta. 9 kilometro horiek egiteko 1,4 milioi euro baino gehiago erabiliko dira.

Nafarroako Gobernuak laguntza ematen badu, 2012an Irurtzun eta Iruñea arteko zatia desjabetzeko espedientea hasteko asmoa ere badute. Par­tzuer­goak (UPS) Udalez gaindiko Plan Sektoria­leko tramiteak egin ditu Irurtzun, Iza, Berriobei­ti eta Berriozarko udalen laguntzarekin, eta 2010­ean onetsi zuten. Iruñeko Udalak alegazio bat aurkeztu zuen haien barrutia ere proiek­tuan sar dadin. Iruñea eta Donostia batuko lukeen 22 kilometroko proiektua egin ahal izateko lur batzuk behar dira.

Etorkizunera begira, hiru ildo nagusi ezarriak dituzte Plazaolan: Nafa­rroako beste natur bidee­kin lotzea –tartean, Bida­soko natur bidearekin–, Gipuzkoako hiriburuarekin lotzea eta, azkenik, Nafarroako natur bi­deak Europan sustatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun