Inauteriak indartzen joateko ahalegina hobetzen doa. Aurtengoak ere oso giro polit eta onean joan dira nahiz eta eguraldiak ez askorik lagundu. Urtarrilaren 27an, ostirala, eman genien hasiera inauteriei txupinazioa botaz arratsaldean plaza zaharrean. Aurretik, urtero legez, umeek eskolatik beren emanaldia eskaini zuten eta behin txupinazioa botatakoan, herriko eskeak eman zion segida giroari. Berrikuntza bezala, esan, aurtengoan gauean bertan ospatu zen mus txapelketa Sastinea tabernan izan zela, herrian ditugun elkargune ezberdinak erabiltzeko asmoz.
Larunbata izan genuen egun handia, baserrietako eskea, karrozen desfilea, arratsaldekoa eta afariaz osatua, hau guztia beti ere trikitixa eta panderoaren musikaz lagunduta. Aurtengo mozorroaren gaia ijito familia izan zen, hori dela eta, jendea ijito eta kaldereroz mozorrotuta agertu zen kaleetan.
Igandean, elurrak ere inauterietan parte hartu nahi izan zuen eta goizaldean agertu zitzaigun. Hala ere, ez zen oztopo izan igandeko banar txapelketa eta herri bazkaria aurrera eramateko. Ondo bazkaltzeaz gain, Julio Soto eta Beñat Gaztelumendi ere bertan izan genituen bertso saio alai eta dibertigarria eskaintzen. Arratsaldean, eta aurtengoei bukaera emateko asmoz, haurrentzako pelikula eskaini zen udaletxeko areto berrian.
Poza ematen du, jendea festarako gogoz ikusteak, eta ea horrelaxe segitzen dugun.