Pasatu dira aurtengo ihoteriak eta eguraldiak lagundu ez badu ere, umore ederrean joan zaizkigu. Larunbatean, herriko eskean eta presoen eskubideen alde egin zen giza katean herritar askok hartu zuen parte, eta gauean jende asko hurbildu zen pesta egitera inguruetako herrietatik. Igandean, egun guztian gurdiak eta mozorrotu mordoa ibili zen kaleetatik. Beti bezala, astelehenean eta asteartean, eskeak arrakasta eta parte-hartze handia izan zituen baserrietako bost auzoetan. Umeak ihoteri bidean dira gurasoekin batera, beraien kalejira koloretsuarekin pestari ekarpen ederra eginez. Astearteko atsauretuen kalejira ere polita izan zen eta indartzen doa urtez urte.