Santa Ageda bezperako usadioarekin bat egin eta aurten ere ez da kantu doinurik faltako gure herrian. Duela bizpahiru urte berreskuratu zen ohitura hau Goizuetan eta aurten ere, otsailaren 4an, larunbata, kantuan ibiliko dira herrian barna.
Joan den urtean bezala, bertsolarien laguntzarekin eginen da kalejira, Josu Garmendia eta Joxe Manuel Oiartzabalekin. 18:00etan egin dute hitzordua eta plazan, Txino auzoan eta taberna ingurutan ibiliko dira kantuan. Herritarrek, beren aldetik, kanturako gogoa, makilak, baserritarren jantziak eta trikitixa doinuak jarriko dituzte. Umore Ona elkartean eginen den afariarekin emanen zaio bukaera egunari.
Antolatzaileek herritar guztiei egin diete parte hartzeko gonbidapena.
Entsegua larunbatean
Santa Ageda bezperarako entsegua larunbat honetan, urtarrilak 28, eginen da, 19:30ean eskolako jangelan.