Gizakiaren jokaeraren eta garunaren arteko harremana ikertzen duen zientziaren adarra da neuropsikologia eta mundu hortan dihardu Jabier Tirapu Ustarroz (Leitza, 50 urte) neuropsikologoak azken 20 urteotan. Berriki, egin duen lanaren aitorpen gisa, Neuropsikologia Partzuergo Nazionalak (CNC) ematen duen Neurozientzia Klinikoa Saria jaso du. Ubarmin klinikan egiten du lan eta Argibide Fundazioko kidea ere bada. 150 argitalpen baino gehiago eginak ditu, baita liburuak kaleratu ere.
Nola lan egiten du garunak?
Zertarako den, horren araberakoa da. Sagar bat ezagutzen dugunean, garondoaren inguruan neurona batzuk aktibatzen dira. Ez dugu begiekin ikusten, garondoarekin baizik. Neurona jakin batzuk aktibatzen dira, horiek eta ez beste batzuk aktibatuta daudenean, sagarraren propietateari dagozkiola esaten digu garunak. Hortaz aparte, benetan gizakiago egiten gaituena eta gure garuna gero eta konplexuago egiten duena, ez da entzun, ikusi edo usaintzeko gaitasun gehiago izatea, baizik eta garuneko eremu guztiak abiadura haundian lotzeko duen gaitasuna. Ondorioz, jokaera konplikatuagoak sortzen dira. Gure garunak horixe du beste espeziekin alderatuz.
Garunak gaizki funtzionatzeak zein ondorio izan ditzake?
Asko, dementzia bezalako ondorio neurologikoak, eta arazo mentalak ere garunaren funtzionamenduko lesioak dira: eskizofrenia, depresioa, antsietatea, estresa...
Pertsonaren izaera ere alda daiteke?
Bai. Jarrera, pentsamendu edo sentimendu aldaketak, garunaren zirkuituko arazoen ondorio dira. Halakoetan, medikazioa eman ohi da, eta gure ustez, gehiegi. Triste zaudenean medikuak antidepresiboa ematen du, urduritasun edo antsietatearekin antsiolitokoa. Baina denak emozioak dira. Tristura emozioa da, beldurra eta haserrea ere bai. Emozioak baldin badira eta garunean badaude, zerbaiterako balio dutelako da. Emozioak garunak emandako alarma seinaleak bezala dira, bizitzan zerbait ongi ez dihoala abisatzen dutenak. Gaixo batekin psikologiarekin lan egitean, botikarik gabe, argi ikus daiteke jokaera desberdina dela saio psikologikoaren aurretik eta ondotik.
Gizonezko eta emakumezkoen garunaren artean zein alde daude?
Azken 50.000 urteetan gure garunak ez dira aldatu. Garai hartan, 150 laguneko taldeetan bizi ziren kobazuloetan. Gizonek luzerako ehizara atera eta etxera bueltatu behar izaten zuten. Hortaz, gizonek orientazio hobea dute, garunaren zati hori garatuagoa dutelako. Aldiz, emakumeak etxean gelditzen ziren eta komunikatzaile hobeak dira, enpatia gehiago dute eta sentikorragoak dira. Esaten denez, mutikoek kamioi eta baloiekin jolasten dute gurasoek erosten dizkietelako eta neskek panpinekin. Baina txinpantze arrek, gure heziketarik gabe, gurdia eta panpina eman, eta jolasteko gurdia zergatik aukeratzen duten azaltzea zaila da. Jaiotzetik dator.
Gizakia gero eta baldarragoa dela esana duzu.
Gizakia mugitzeko egina dago, arrazoitzeko eta emozioak sentitzeko. Lehen, adibidez, zerbait jakiteko asko mugitu behar zen: liburutegira joan, eskolara... Orain, ordea, hitz gakoa Google-en sartu eta informazioa eskura dugu. Bizitza gero eta erosoagoa da, gero eta pasiboagoak gara eta ondorioz, gure garunak esfortzu txikiagoa egin behar du. Zenbat eta teknologia gehiago, gizakia orduan eta baldarragoa da.
Eta hori saihesteko zer?
Garunarentzako onena ibiltzea da. Mugitzen direnek gehiago garatzen dute garuna. Emozio sistema garatzea ere ezinbestekoa da. Gurasoak arduratuak daude seme-alaben autoestima ez zauritzeko, baina zergatik da txarra zerbaitek beldurra eragitea beldur horrek arriskutik babestuz gero? Gehiago arduratu beharko lukete seme-alaben emozioak garatzeaz. Bestetik, garuna ongi garatzeko kuriositatea ere garrantzitsua da. Gizakia izaki kuriosoa da, eta garuna horretarako estimulatzea ezinbestekoa da.
GARUNA EGOKI GARATZEKO
«Garunarentzako onena ibiltzea da. Emozio sistema garatzea ere ezinbestekoa da. Gurasoak arduratuak daude seme-alaben autoestima ez zauritzeko, baina zergatik da txarra zerbaitek beldurra eragitea beldur horrek arriskutik babestuz gero? Gehiago arduratu beharko lukete seme-alaben emozioak garatzeaz. Bestetik, garuna ongi garatzeko kuriostiatea ere garrantzitsua da».