Hurrengo larunbatean, urtarrilaren 21ean, hasiko dira Leitzako ihoteak, nahiz eta eskolako gaztetxoek ostiral arratsaldean hasiko diren atsaureen kalejirarekin. Larunbatean eguerdiko 2etan Aurrera elkartean bazkaria izanen da eskean ibiliko direnentzat. Gero, arraltsaldeko 4ak aldera, trikitilari, gaitero eta txistulariz lagundurik, lerro hauek idazterakoan oraindik erabat zehaztu gabea dagoen egitaraua banatzen eta eskean hasiko dira mozorroak herriko etxeetan.
Igandean atsauretuen kalejirak, bazkaria eta dantzaldia
Larunbateko juergatik deskantsatu ondotik, igande eguerdiko 12etan atsaureak Plazatik aterako dira kalejiran eta gurdiak industrialdetik. Etxeko txikienek ere izanen dute gozamenerako auker. Ohitura den bezala, eguerdiko 02:30ean atsauretuek bazkaria izanen dute eskolako jangelan eta, arratsaldean, kalejira abiatuko da eskolatik. Iluntzean eta gauean dantzaldia izanen da Plazan. Ondotik txaranga ibiliko da.
Astelehen eta asteartean puxka biltzea baserrietan
Lagun asko biltzen dira astelehen eta asteartean baserriz baserriko eskean. Astelehen goizeko 09:30ean elkartuko dira Aurrera parean Gorriztaran, Arkiskil, Sakulu eta Erreka auzoetara puxkak biltzera joateko. Baserrietan dabiltzan bitartean, herrian, arratsaldean, gaztetxoenentzat puzgarriak izanen dira. Gero, iluntzean eta gauean dantzaldia eta Incansables txarangaren txanda etorriko da. Asteartean goizeko 09:30ean dute hitzordua mozorroek Erasote auzora abiatzeko eskean. Eguerdiko 02:30ean eskean ibilitakoek bazkaria izanen dute Aurreran eta arratsaldeko 06:30ak aldera, Leitzako Atsaureen kalejira izanen da.