Abenduaren 30eko batzarrean hainbat gai landu zituen Udalak eta horien artean garrantzitsuena, 2012ko aurrekontuak onartu zituen, Bilduko 9 zinegotzien aldeko bozkekin eta UPN eta DNEko zinegotzien abstentzioarekin. Urte honetarako aurreikusiak dauden gastu eta diru-sarrerak 3.738.850 eurokoak izanen dira.
Oier Eizmendi alkateak aipatutakoaren arabera, «gastu ordinarioak aurreko urtearekin konparatuz berdintsu mantentzen dira eta Udalak zerbitzu publiko guztiak mantentzeko ahalegina eginen du. Hala nola, Haur Eskola (0-3), Okile tailerra, Gizarte Zerbitzua, Euskara zerbitzua, UEMA, Udalbiltza, Kultura zerbitzuak…». Dena den, aurrekontuen garapenean sarrera eta irteeren arteko oreka mantentzea ere ezinbesteko helburua izanen dela azpimarratu nahi du.
Aldaketa inbertsioetan dator eta gehienbat 2012an Azpiegitura Planaren barrenean hainbat inbertsio egin behar direlako. Hala, Amazabalen urbanizazio lanetarako 779.560 euro erabiliko dira eta edateko uraren tratamendu-estazioan 652.543 euro.
Azpiegitura Planetik aparte beste lan batzuk ere badaude aurrekontuetan: UE50ko urbanizazio lanetara 51.920 euro bideratuko dira eta mendiko garbiketa lanetarako 45.000 euro.
Bestelako lan eta inbertsio txiki batzuekin, 2012ko inbertsioak osotara 1.555.223 eurokokoak izanen dira.
Plantila organikoa
Era berean, hurrengo urterako plantila organikoa ere onartu zuen batzarrak aho batez.
Alkatearen dedikazioa
Honekin batera, Alkatearen dedikazioa egun erdikoa izatea erabaki zen eta horretarako aurrekontuetan partida egokitu da; urtean 12.800 euro (gordina), bere lantokian jasotzen duen soldataren erdia.
Zinegotzietan aldaketak
Jose Antonio Olaetxea Bilduko zinegotziaren kargu uztea onartu zen, lan arrazoiak direla medio eta ordezkoa izendatzeko prozedura abiarazi da.