Informazio asko landu duzu inauteriei buruz. Zer aurkitu duzu?
Informazio asko, gerra-aurrean ihoterik nola ospatzen ziren garbi samar jaso dugu. Oroimen kultural hori galtzeko zorian zegoen eta gauza asko aurkitu ditugu. Harrigarria da garai haietako ihoterien aberastasuna. Gainera, elementu eta gauza asko oso bizirik izan ditugu herrian, gure xaharrek bederen bai; eta guri gauza gehienak etorri zaizkigu kanpokoak balira bezala.
Bitxikeriaren bat?
Bat bakarra bereiztea zaila da. Hauek nabarmenduko nituzke nik: Plazaola, Erreka, Sakulu eta inguru horietako baserrietatik herrira etortzen ziren gazte asko sailean, Berastegikoak eta Leitzakoak nahasian, joare eta kulunka, kulun-kulu-kulun soinu pausatua ateraz erdi lasterrean erdi oinez, herrira etorri aurretik, Aresora edota Berastegira bisita eginda eta otordua eginda. Goitik behera atsaureturik etortzen ziren eta ahalik eta dotoreen jantzita: soineko ikusgarria luzea, eskularruak, buruan tuturru luze ikaragarria putre, zapelatz eta oilar lumeekin apainduta; aurpegia dena estalirik oihal koloretsuarekin; soinean soineko luzea jantzita ia lurrerainokoa, eskuetan eskularruak, esku batean maskuria edo lumeekin egindako isatsa; gerrialdean txintxarriak eta… Herrira iristerako jendea zain egoten omen zen haien kulunka soinu eta dotorezia urrutitik ikusteko zoragarria baitzen. Gainera, nondik etorriko ziren ere ez zen jakiten eta. Gurdiak ere asko ateratzen ziren eta oso ikusgarriak: gizakiak gurditik tiraka behi parean bailiran atsaureturik, eta gurdian barrenean astoa apaindurik, putrea apaindurik bizirik… Erlijioa eta apaizak irrigarri uzteko antzezpenak ere ohikoak ziren: txakurtxo baten bataioa, elizkizun gisako bat baina lizunkeriaren bat eginda…
Zein eboluzio izan dute inauteriek Leitzan?
Atsauretzea eta eskean ibiltzea izandu dira ezaugarririk aipagarrienak eta horiek izan dira azken 20 urtetan gehien aldatu direnak. Eskeak bere horretan segitzen du, nahiz eta gaur egun berezko eskerik ez den, egun osoko parranda egiteko beste era bat baizik… Eta atsauretzea, hots, aurpegia estalita zirika-mirika ibiltzea maskuri edo luma-isatsakin, galduxea dago, jende gutxi ateratzen baita tipo horretan. Gaur egun horren ordez hirietako moduan disfrazatzen da jendea igandean batez ere. Orain hirikoa bihurtu zaigu eta herrikotik gutxi du, Nafarroako herri dezentetan ez bezala. Dena dela, aurrerapauso zenbait ematen ari gara herriko bertako ihoteriak berreskuratzeko.
Garai bateko atsauretzeko erak
Fernando Oiartzunek aipatu digunez, «begira zein itxuratako zomorroak ateratzen ziren gure xaharren garaietan, betiere, denak aurpegia estalita»:
• Neska jantzin edo: etxekoei edo ahaideei eskatuta emakumeen jantziek estimazio izugarria zuten. Batzuek ilea ere egiazkoa egiten zuten ihoterietarako, arrebei ilea mozten zietenean jasota. Ahal zutenek dotore janzten ziren arropa onekin edo, alegia, zapatak eta goitik behera behar den bezala jantzita.
• Xarpaxu-xarpaxuk edo: sobrekama edo maindirea edo nolabait gorputz osoa tapatuta. Besterik ez zutenak zakua ere erabiltzen zuten eta zaku-jantzian ibili, goitik behera patuta zakua. Besteren batzuk inon bazen larru zaharren bat edo, hura gainetik jarrita, zomorro-zomorro…
• Unidez jantzita: ateratzen omen ziren tipotsu horretan ere, umea balute bezala eta zurezko karroa eta janzkera bereziarekin…
• Brusek eta koloretakoak botobe haundiekin edo pailazoak edo bailiran: Herrian saila ateratzen omen ziren horrela: bruxe antzekoa urdina edo gorria eta botoi zuriak goitik behera goian handia eta beherantz txikiagoak patuta, mahuketan ere berdin, eta baita tuturruan (txano kukurutxoduna) ere.
• Zakukin, zakuzaharrakin jantziak: zaku-jantzian ibiltzen zirenen artean, oso ohikoa zen txanoa lastozkoa-eta erabiltzea. Eta belarraz edo txurikinez edo bete-beteak egitea. Batzuk lurrera erori eta ezin goratuz eta ibiltzen omen zien, laguntzaileak ondoan zituztela. Hala, batzuk hagitz potzoloak ibiltzen ziren eta beste batzuk, berriz, gutxixeago betez eta gorputzaren forma okertuz edo…
• Aziendak bailira bezala: Asto edo zaldi jantzian, larruz estalita, isatsa egiazkoa erantsita; otso jantzian, jendeari hozkak botaz; hartz-jantzian, ahari edo behi jantzian, adar eta guzi; behi edo idi itxuran: uztarrian lotuak, kopetakoekin eta guzti, gurdia arrastan zeramatela eta ondoan beste lagun bat akuiluarekin…