Xalto sariketaren hamaikagarren edizioa larunbat honetan jokatuko da Goizuetan

TTIPI TTAPA 2011ko abenduaren 15a

Duela bi urteko edizioan, Jon Elizetxe gartzaindarra izan zen txapeldun. Artxiboko argazkia

Nafarroa osoko hamalau bertsolari gazte lehiatuko dira

Andres Narbarte gogoan, bi urtetik behin egiten den bertsolari berrientzako Xalto sariketa hamaikagarren ediziora ailegatuko da larunbatean, hilak 17. Goizuetako Udaletxeko ganbaran Nafarroako hamalau bertsolari ariko dira: Ekaitz Astiz (Iraizotz), Aimar Karrika (Auritz), Ioar Tainta (Lesaka), Haizea Beruete (Iruñea), Patxi Castillo (Bera), Irati Majuelo (Iruñea), Iker Gorosterrazu (Ituren), Iñigo Sagastibeltza (Leitza), Mikel Azpiroz (Leitza), Jose Luis Barberia “Zili” (Leitza), Xabier Maia (Elizondo), Oier Amiano (Elizondo), Kotte Plaza (Irurita), Amaia Elizagoien (Mugairi).

11:00etatik aurrera, kanporaketak izanen dira. Bi kanporaketa eginen dira, seiko taldea batean eta zortzikoa bestean. Gai orokorrari bertso bana, zortziko txikian binaka ofizioka hiruna bertso eta hitza emanda bertso bana osatu beharko dute.

Eta 18:00etan goizeko saioetatik sailkatu diren sei bertsolariek jokatuko dute finala. Hemen lana ezberdina izanen dute: Zortziko handian binaka gaia emanda hiruna bertso, zortziko txikian binaka ofizioka hiruna bertso eta kartzelean, zortziko txikian bi punturi erantzun eta gaia emanda bakarka bi bertso osatu beharko dituzte. Sarrera dohainik izanen da.

Duela bi urte Elizetxe txapeldun

Nafarroako Bertsozale Elkartea da Xalto sariketaren antolatzailea, Goizuetako udalaren laguntzaz. Horrez gain, Euskarabidea eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa ere du sariketak.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dituen ekimenen artean txandakatzen diren Mariano Izeta sariketa eta Xalto sariketa daude. Horien helburu nagusia Nafarroako bertsolari gazteei kantatzeko aukera ematea da, haien bertsogintza ezagutarazteko eta gerora baliagarri izango zaien esperientzia har dezaten.

Hortaz, Izeta sariketa antolatzen ez den urteotan, Xalto sariketa jokatzen da. Sariketa Andres Narbarte “Xalto”ren omenez egiten da eta bere jaioterrian, Goizuetan, egin ohi da, Goizuetako Udalaren laguntzaz.

Xalto sariketa 1992. urtean egin zen lehen aldiz; aurten hamaikagarren edizioa jokatuko da. Hamaika edizio hauetan, bertsolarien harrobia izan da eta hala izaten segituko du. Julio Soto, Estitxu Arozena, Xabier Silveira… izan dira Xalto sariketa irabazi dutenetako batzuk. Duela bi urteko sariketan Jon Elizetxe gartzaindarrak jantzi zuen txapela.

Sariketa honetan parte hartzeko hiru baldintza bete behar dituzte bertsolariek: Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean inoiz kantatu ez izana, aurretik Xalto sariketa irabazi ez izana eta 1995. urtean edo beranduago jaioak izatea.

Horrela, askotan taulan gainean aritzeko horrenbeste aukerarik ez duten bertsolariei aukera bat eman nahi zaie eta, bereziki, bertsolari gazteei. Azken finean, bertsolaritza sustatzeko eta haren etorkizunerako oinarriak ezartzeko egiten da bi urtetik behin Xalto sariketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun