Umore Ona Elkartearen egoitza ezinduentzako egokitu asmoz, hasi dira beheko solairuko lanak. Orain arte biltegi gisa erabili izan du Udalak toki hori baina orain, urte batzuetarako Umore Onari utzi dio. Elkarteak sukaldea, bodega, komuna eta jangela egin nahi ditu hor ezinduek arazorik gabe erabil dezaten. Lehenengo solairuarekin eskailera bidez elkartuko da behekoa.
Gremiotan elkartu eta lanak «ahal den neurrian» auzolanean egin nahi direla adierazi digu Joxe Jabier Etxeberria elkarteko lehendakariak. Gaineratu digunez, hasierako egitekoa garbiketa lana izanen da: paretak eta egurrak garbitu, lurra moldatu... Azaro hondarrean hasi ziren boluntarioak horretan eta lanak bukatzeko data zehatzik finkatu ez badute ere, «festetarako egina» izatea gustatuko litzaieke.
Lanen aurrekontua 50.000 eurokoa da eta horri altzarien balioa gehitu behar zaio.