Eguraldia lagun, giro ederra izan zen Feria Egunean. Eskulangile eta aziendekin batera, bezperatik piztu zen ikatz txondorra izan zen protagonista. Txondorra egiten ttikitan ikasi zuen Andoni Etxenike izan zen prozesua gidatu zuena, nahiz eta 30 urte pasatuak ziren azken aldiz egin zuenetik. Denbora asko emana zuten Etxenikek eta laguntzaileek txondorra prestatzen eta feria egunean harro erakutsi ahal izan zuten bere lana. Izan ere, txondorraz gain, etxola bat ere eraiki zuten eta lanabesak eta astoa ere inguruan zuten Etxenike, Motza, Gorrene, Fernando Goiak eta Xumar Bakerok. 20 Tona egur behar izan zituzten txondorrerako eta hortik 400 bat zaku ikatz aterako direla kalkulatu zuten. Zahagi Dantza txondorren inguruan sortu zela dioenik ere bada eta hala, txondorra piztu baino lehenxeago Zahagi dantza ere dantzatu zuten. Baina txondorraz gain, izan zen zer ikusi eta non gozatu.