Nafarroako Bilduk prentsa ohar baten bidez salatu duenez, Leitzako alkateak eta bizilagun batzuk izugarrizko presioa jasan behar izan dute hedabide batzuen eta politiko jakin batzuen aldetik, “eta azkenean Entzutegi Nazionalera joan behar izan zuten, ehiza trofeo gisa”.
Bilduk bere garaian salatu zuenez, “Leitzan gertatukoa aitzakia izan zen Bilduren hautetsien kontra jotzeko, baita presoen eskubideen aldeko dinamikak kriminalizatzeko ere”. Orain, Entzutegi Nazionalak fiskalaren salaketa artxibatu ondoren, “Leitzako alkatearen eta biztanleen kontra aritu zirenen autokritika entzutea” gustatuko litzaioke Bilduri, “batez ere, presoen aldeko mobilizazioak delitutzat har ez ditzaten eta Bilduren hautetsien lana oztopa ez dezaten berriro ere”.
Nafarroako Gobernuak Leitzako gertaeren aurrean izan zuen jarrera ere birgogorarazi du Bilduk, “bere kideek kobratzen zituzten dieten afera estaltzeko asmoz, jazarpen poliziala eta judiziala bultzatu baitzituen”.