Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Pablo Ruzek artxibatu egin du Oier Eizmendi Leitzako alkatearen aurka ustez «terrorismoa goratzeagatik» irekitako auzia. Epaileak erabaki bera hartu du auzian inputatutako Lourdes Juantorenaren eta Saioa Iraolaren kasuetan ere.
Epaileak dio, abenduaren 1ean kaleratutako autoan, ez dela frogatu herriko pesten hasierako ekitaldian hiru lagunek «terrorismoa goratu» zutenik. Santiburtzioetako egitarauan euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa iragartzeagatik inputatu zuen Auzitegi Nazionalak Oier Eizmendi alkatea, eta beste bi herritarrak ere akusatu zituen, txupinazoan herriko preso baten argazkia zuen elastiko bana jantzita eramateagatik «terrorismoa goratzea» egotzita.
Ruz epaileak autoan adierazi du pesten hasierako ekitaldi horietan «terrorismoa goratu» egin zela, baina ezinezkoa dela identifikatzea presoei egindako omendaldian pankartak eta argazkiak erakutsi zituztenak. Gainera, epaileak dio gertakari horiek izan zirenean Leitzako alkatea udaletxe barrenean zegoela eta, beraz, ez zuela ekitaldietan parte hartu. Modu berean, apaileak dio Eizmendik ez zuela zerikusirik izan udalbatzak prestatutako pesten egitarauarekin, aurreko alkateak prestatutakoa zelako.
Jone Lozano euskal presoaren aldeko pegatina eta elastikoa eramateagatik inputatutako Lourdes Juantorena eta Saioa Iraolari dagokienez, berriz, epaileak dio «ausartegia» dela esatea biek «terrorismoa goratzeko» asmoa zutela. Lozano herriko bizilaguna, Bilgune Feminista elkarteko kidea eta bietako baten lankide dela azpimarratu du epaileak autoan. Gisa berean, Frantzian preso zegoen Lozano Leitzako pestak ospatu zirenean, baina oraindik ez dago haren kontrako epairik, Ruzek azpimarratu duenez.