Txondorra izan zen Goizuetako Feria Eguneko protagonista

TTIPI TTAPA 2011ko azaroaren 29a

Jendetza bildu zen plaza inguruan. Felix Loiarte

Hemendik bi astera 400 bat zaku ikatz egitea espero dute

Giro ederra izan zen azaroaren 26an Goizuetako feria eguna. Aurtengoan, eskulangile eta aziendekin batera, bezperatik piztu zen ikatz txondorra izan zen feriako protagonista nagusia.

Giro ederra izan zen azaroaren 26an Goizuetako feria eguna. Aurtengoan, eskulangile eta aziendekin batera, bezperatik piztu zen ikatz txondorra izan zen feriako protagonista nagusia.

Hain zuzen, txondorra egiten ttikitan ikasti zuen Andoni Etxenike izan zen prozesua gidatu zuena, nahiz eta 30 urte pasatuak ziren azken aldiz egin zuenetik. Denbora asko emana zuten Etxenikek eta bera laguntzen aritu direnek txondorra prestatzen eta feria egunean harro erakutsi ahal izan zuten bere lana. Izan ere, txondorraz gain, ondoan etxola bat ere eraiki zuten ikazgile arroparekin jantzitako lan taldeak eta lanabesak eta astoa ere inguruan zuten Etxenikek, Motzak, Gorrenek, Fernando Goiak eta Xumar Bakerok.

20 Tona egur behar izan dituzte txondorrerako eta hortik “400 bat zaku” ikatz aterako direla kalkulatzen dute. Ikatza egiteko prozesua bukatzen denean, hemendik aste pare batera, Udaletxeari emanen omen diote ikatza. Bitartean, goizuetarrek txandak eginen dituzte txondorrean, lau orduro “jaten” eman behar omen zaio-eta; zotzak, egurra…

Garai bateko tradizioa berreskuratzeko lanean gustora aritu dira. Izan ere, Goizuetan jende asko aritu da ikatz egiten XVI eta XX. mendeen artean eta Goizuetako inauteriak bereizten dituen Zahagi Dantza ere, txondorren inguruan sortu zela dioenik ere bada. Horregatik, txondorra piztu baino lehenxeago Zahagi dantza ere dantzatu zuten.

 

Feria ederra

Baina txondorraz gain, izan zen zer ikusi eta nola gozatu Goizuetako feria egunean. Eguraldi bikaina lagun, plazan jarri ziren eskulangileen postuak eta aziendak ere izan ziren: betizuak, noski, baina baita oiloak, zaldiak eta basurde txiki batzuk ere. Eskulangileen artean, arto xuritzen erakustaldia eskaini zuten herritar batzuk, eta beste batzuk zura eta harria lantzen, lan-tresnak egiten edo gazta eta joareak egiten ere aritu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun