Ekitaldiz beteriko hilabetea izaten ari da azaroa Goizuetan, eta horietako asko ez dira nolanahikoak izaten ari. Gainean dugun asteburu hau ere ez da gutxiagorako izanen, Azinda eta Artisau Feriaren zortzigarren edizioa ospatuko baita larunbatean, azaroak 26.
Ostiral ilunabarrean, azaroak 25, txondorra pizteko ekitaldia eginen da eta horixe izanen da larunbatean ospatuko den Feria Eguneko nobedade aipagarria. Baina ez bakarra. 10:00etatik 13:00etara azienda feria izanen da Isarriko frontoian eta aurten II. Betizu Eguna eginen da. Plazan, berriz, nekazaritza produktuak eta eskulangileen postuak izanen dira: sagardo egitea, arto kirkiltzea, harri taila, taloak, joare egitea, txondarrari betarria ematea...
12:30ean aizkolarien saioa izanen da plazan eta 14:30ean bazkaria, normalean 500 lagun inguru biltzen dituena. Txartelak Amaiarenean daude salgai, 21 eurotan helduentzat eta 12 euritan hamalau urtez beherakoentzat. Ondotik eta ilunabarrean, musika izanen da Modestorekin.