2010ean Castejon eta Gasteiz artean Goi Tentsioko Linea (400 kV) eraiki nahi izan zuen REE S.A. (Red Electrica de España) enpresak bi alternatiba berri proposatu ditu eta bi horietako batek bete-betean eragiten dio Leitzari. Hala, horren berri emateko oharra kaleratu du Udalak, eta bide batez, ostegun honetan, hilak 24, eginen den batzar informatiboan parte hartzera deitu deitu herritarrak, 19:00etan.
Castejon-Gasteiz linea proposatu zuenean, Nafarroako Gobernuaren oniritzia izan zuen, Lizarraldeko herrien energia elektriko beharrak asetzeko izanen zela esanez. Halere, proiektuak ukituko lituzkeen Nafarroa eta Arabako herriek eta Arabako Diputazioak kontra egin, eta bertan behera gelditu zen REE S.A.ren egitasmoa.
Orain, ordea, bertze bi aukera jarri ditu mahai gainean enpresak 400 kVko Goi Tentsioko Linea egiteko: lehena Sakanatik Ezkio-Itsasora doa eta bigarrena Ultzamatik, Basaburua, Larraun, Leitza, Areso, Araitz eta Gipuzkoan barrena Ezkio-Itsasora.
Aurreko proiektuan Nafarroako Gobernuak Lizarraldeko herriak hornitzeko beharrezkoa zela esan zuen. Oraingoan, ordea, «aitzakiarik ere ez dute erabili beraien benetako asmoa tapatzeko. Oraingo honetan argi eta garbi gelditu da linea berri hau AHTren energia eskaera handia hornitzeko izanen dela, izan ere, Euskal Herrian AHTren geltokirik haundiena Ezkio-Itsason dago». Halaxe azaldu du Udalak. Proiektu honek 116 udalerritan izanen du eragina Nafarroan eta Gipuzkoan.
Goi Tentsioko linearen ezaugarriak zein diren ere aipatu du Udalak: «42-46 metroko altuerako dorreak, bata bestearengandik 400-500 metroko distantziara lau ormigoizko oinarrirekin eutsiak, beraien artean 5,90 eta 10,14 metroko distantziarekin. Inguruan zuhaitzak landatu edota etxe eta industria azpiegiturak eraikitzea debekatua gelditzen da».
Leitzan, Tentsio Altuko Linea Erasote auzoaren gainetik pasako litzateke, Guratzeko mendi aldera Gorritteneko belatso gainetik, eta hortik Aresora. «Proiektu honek Leitzako herriari, ezta gainontzekoei ere, ez dio inolako onura sozio-ekonomikorik ekarriko, baina ingurumen eta osasun aldetik ondorioak oso kaltegarriak izan daitezke».
Hala, Lizarraldeko proiektua geldiarazi zen bezala, «Leitzan proiektu honi aurre egiteko herritarren ezezko erantzuna garbia eta ozena izatea ezinbestekotzat» jo du Udalak eta osteguneko bilerara joateko deia egin du.