Espainiako armadaren dozenaka militar Leitzako lurretan ibili dira, eta hori ikusita, «armadaren presentzia eta maniobrak» salatu nahi izan ditu Udalak, ohar bidez. Gainera, jakinarazi duenez, «inongo baimenik gabe eta herritarren artean arriskua eraginez» aritu dira. «Udalak kasualitatez eta hainbat herritarrek egindako deiei eta salaketei esker izan du honen berri».
Presentzia militarra «izugarria» dela ere adierazi dute oharrean: «dozenaka militar ongi armatuta oinez, anbulantzia, kamioiak eta beste ibilgailuak...». Hortaz, zera eskatu dute: «Leitzatik eta Euskal Herritik joateko exijitu nahi diogu Espainiako armadari. Hemen ez dute tokirik euren gerra-jolasek. Gainera, egun Euskal Herrian bizi dugun egoera politiko itxaropentsuan ez dago inondik inora justifikatua euren presentzia».