«Azaroaren 12a goizuetar guztien gogoan geldituko den eguna izan zen». Halaxe kontatu dute Gazte Asanbladatik. Eta ez da gutxiagorako, agerikoa izan baitzen 20. urteurreneko ospakizunak izandako arrakasta.
Goiz goizetik festa usaina hartu zuen egunak: argazki erakusketa, Eskuz esku, urtez urte ametsak eraikitzen lelopean egindako graffitia, «hauxe da ekipua, merezi du olatua!» oihukatuz herritar ugarik parte hartu zuten argazki erraldoia, 200 lagunetik gora elkartu zituen bazkaria, herriko artisten lanen enkantea...
Arratsaldea gazteek propio egun horretarako sortutako elektrotxarangak alaitu zuen, eta Esne Beltzak egun horretarako egindako kantaren bertsioa ere egin zuten. Mañoli ere animatu zen bere zatia abestera. Elektrotxarangak lagunduta iritsi zen jendetza eskolako frontoian egin zen ekitaldi nagusira. 20 urteotan Gazte Asanbladak egindako lana azpimarratu zuten, eta eskerrak eman zizkien ibilbide honetan lagundu duten herritarrei. Ekitaldi hunkigarria bukatuta eman zitzaien hasiera kontzertuei. Eta honetan zenbakiak nahikoak dira: 1.508 lagunek leporaino bete zuten kontzertu gunea, eta beraz, uka ezinezkoa izan zen arrakasta. Dena borobil ateratzea zaila izaten da, ordea, eta furgoneta batek su hartu zuen goizaldera, beste hiru ibilgailuri kalteak eraginez. Antolakuntzak animoak bidali nahi dizkie jabeei, eta herriko suhiltzaile boluntarioen lana eskertu.
Horrez gain, antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete hilabeteotan lanean aritu den orori, bere laguntza eskaini dutenei, eta azaroaren 12an Euskal Herriko txoko guztietatik hurbildu zirenei, baina batez ere Goizueta osoari: «Hemendik aurrera ere ttirriki ttarraka maldan gotti segituko dugu!».